Efemeridea 2021ko abenduaren 3a

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Xabierko San Frantzisko Eguna

Gaur, abenduaren 3an, mundu osoko euskal herritarrok Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu eta Nafarroan, gainera, misiolarien zaindari Xabierko San Frantziskorena.

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Xabierko San Frantzisko Eguna

Lehen Euskararen Eguna 1927ko irailaren 4an ospatu zen Arrasaten (Gipuzkoa). Euskara eta euskal literatura babestu, zabaldu eta lantzea helburu zuen Euskaltzaleak kultura-talde sortu berriak antolatutako ekitaldia izan zen.

 

Arrasatekoaren ostean, Zumarragan ospatu zen bigarren Euskararen Eguna, urtebete geroago, 1928ko irailaren 29an, hots, San Migel egunean.

 

Gerra amaitutakoan, erbestean, 1949an, Eusko Ikaskuntzaren Amerikako Institutuak erakundeak, Argentinako hainbat euskal etxerekin batera, Euskararen Egunari ekin zion berriro ere eta nazioarteko izaera aitortu zion. Abenduaren 3ko data ezarri zuten urteurrena ospatzeko, hau da, Nafarroako zaindari Xabierko San Frantziskoren eguna. Santua Txinan hil zen, eta hil hurrean, azken hitzak esan zizkion bere lagun leial Antoniori, azkenak ulertu ez zuen hizkuntza batean. Euskaraz esan bide zizkion azken hitz horiek, santu nafarraren ama-hizkuntza zelarik.

 

1995ean, Euskal Diasporak lehen mundu biltzarrean egindako eskaerei helduta, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak Euskararen Nazioarteko Eguna erakundetu zuten. Ordutik aurrera, Euskararen Nazioarteko Eguna, urtero-urtero, Xabierko San Frantziskoren egunean ospatu da, abenduaren 3an.

 

DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean argitaratutako bi erreportaje erantsi dizkiogu artikuluari:

 

Sabin Arana: Euskara proiektu politikoa ere bada (Joseba Agirreazkuenaga) 2011/11/26
Sabino Arana y el euskera, ¡qué dijo y qué dicen que dijo! (Gotzon Lobera) 2019/11/30