Efemeridea • 2020ko irailaren 16a
Euskararen ortografia bateratzeko lehen biltzarra
Hendaian izan zen, 1901eko irailaren 16an eta 17an, eta lurralde guztietako euskaltzale esanguratsuenak bildu ziren hartara.
1901eko irailaren 16an eta 17an, Ortografiari buruzko I. Biltzarra egin zen Hendaian, euskararen ortografia batuaren oinarriak ezartzeko asmoz. Mugaz bi aldeetako idazle, intelektual, ikertzaile eta euskararen jarraitzaile ugari joan ziren biltzarrera, monarkikoak, errepublikazaleak, karlistak, integristak eta abertzaleak. Izaera eta ezaugarri guztietako euskaltzaleak, besteak beste, Gratien Adema “Zaldubi”, Arturo Kanpion, Resurrección María Azkue, Martin Landarretxe, Martin Guilbeau, Julio Urkixo, Isaak López de Mendizabal, Serapio Mujika, Ramón Artola, Domingo Agirre eta abar. Sabino Arana ere joan zen. Gaurkotasun handiko hitzaldia eman zuen biltzarrean. Euskara berreskuratu eta hizkuntzak bizirauteko gakotzat jotzen zituen alderdien inguruan garatu zituen bere ideiak Aranak: euskara noranahiko hizkuntza egoki bihurtzea eta zeinahi lanbide edo jardueratan beharrezko bilakatzea.
Helburu horri lotuta, ortografia, gramatika eta hiztegia finkatu eta egokitu behar zirela uste zuen. Eta euskara beharrezkotzat jotzeko, neurriak hartu behar ziren administrazioan, komunikabideetan, hezkuntzan eta beste esparru batzuetan.
Hilabete batzuk geroago, biltzar ondorioz, Euskaltzaleen Biltzarra edo Euskaltzaleen bilgunea sortu zen, Hegoaldetik zein Iparraldetik etorritako euskaltzaleek osaturikoa. Besteak beste, Zaldubi, Kanpion, Lacombe eta Jose Eizagirre izan ziren biltzarrean.
1901ean, Sabino Aranak Euskaltzaleen Biltzarreko kideen lan esparrua eta jarduteko modua zehaztu zituen.
1901eko Biltzarrak ez zuen ortografiari buruzko akordio zehatzik ekarri, eta erabakiak hurrengo urtean, Hondarribian, egitekoa zen bigarren biltzarrera atzeratu ziren. Sabino Aranak ezin izan zuen bigarren biltzar horretan parte hartu, Larrinagako espetxean (Bilbo) preso zegoelako.
Sabino Aranak 1901ean, Hendaian, emandako hitzaldia. (Euzkeraz, bigarren partean).