Efemeridea 2021ko irailaren 16a

Euskararen ortografiari buruzko I. biltzarra, Hendaian, 1901ean

Biltzar hartan emandako hitzaldian, Sabino Aranak euskara modernizatzeko beharra aldeztu zuen, euskal hizkuntzak leku garrantzitsua izan zezan euskal gizartean.

Euskararen  ortografiari buruzko I. biltzarra, Hendaian, 1901ean

1901eko irailaren 16an eta 17an, Euskararen ortografiari buruzko lehen biltzarra egin zen Hendaian, hizkuntzaren ortografia bateratzeko oinarriak ezartzeko helburuz. Lurralde guztietako euskaltzale ospetsuenek parte hartu zuten kongresuan. Hala, Nafarroatik, Arturo Campion, Juan Iturralde Suit eta Estanislao Aranzadi joan ziren; Bizkaitik, Sabino Arana eta Resurreccion Mª Azkue, besteak beste; Gipuzkoatik, Domingo Agirre, Serapio Muxika eta Ramon Artola; Lapurditik, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik, Adema kalonjea eta Guilbeau doktorea joan ziren, besteak beste.

 

Sabino Aranak gaztetan ikasi zuen euskara. 1886an, euskal akademia baten beharra aldarrikatu zuen Euskal Herria aldizkarian: “El Proyecto de Academia bascongada del señor Artiñano”. Geroago, euskal gramatika bat, hiztegi bat eta euskararen ortografiari eta beste gai batzuei buruzko hainbat lan argitaratu zituen.

 

Sabino Aranak, beraz, ezinbestean parte hartu behar zuen biltzarrean, 1901eko irailaren 16an eta 17an, mugaren bi aldeetako idazle, intelektual eta euskararen aditu ugari bildu baitziren Hendaian. Bertan ideologia guztietako pertsonak izan ziren, hala nola erregezaleak, errepublikazaleak, karlistak, integristak, abertzaleak… Eta Sabino Aranak egun ere gaurkotasun handikoa den gai bat jorratu zuen hitzaldi sakon hartan. Euskara berreskuratzeko eta bizirauteko giltzarritzat jotzen zituen alderdiak garatu zituen: euskara zeinahi arlotarako hizkuntza baliagarri bihurtzea eta edozein lanbide edo jardueratarako beharrezko bilakatzea.

 

Xede horretarako, Aranaren iritziz, ortografia, gramatika eta hiztegia finkatu eta egokitu behar ziren. Eta euskara beharrezko bihurtzeko, neurriak hartu behar ziren administrazioan, komunikabideetan, hezkuntzan eta abarretan. Hendaiako biltzar hori Eskualtzaleen Biltzarra izenekoaren edo Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaltzaleen bilgunearen jatorria izan zen.

 

Sabino Aranak, 1901ean, Hendaiako biltzarrean, emandako hitzaldia erantsi diogu artikuluari (gaztelaniaz eta euskaraz).