Efemeridea 2021ko martxoaren 31a

Eusko Legebiltzarra: egun lehena, urte lehena

Gaurkoa lako egun batean, 1980ko martxoaren 1ean, Euskadiko historian izandako lehen Eusko Legebiltzarra eratu zen Gernikako batzar-etxean.

Eusko Legebiltzarra: egun lehena, urte lehena

Gaurkoa lako egun batean, 1980ko martxoaren 1ean, Euskadiko historian izandako lehen Eusko Legebiltzarra eratu zen Gernikako batzar-etxean.

 

Ekitaldi hartan, EAJ-PNV alderdiko 25 diputatuak, PSE-PSOEko bederatziak, UCDko seiak, Euskadiko Ezkerrako (EE) seiak, Alianza Popularreko (AP) biak eta Alderdi Komunistako (PC) bakarra izan ziren. Herri Batasunak (HB) ateratako hamaikak ez ziren bertaratu.

 

Inaugurazio-ekitaldia Gernikako arbolaren aurrean egin zen, eta bertan izan ziren euskal legebiltzarkideak, Espainiako Parlamentuko euskal ordezkariak, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak, aldundietako diputatu nagusiak eta Batzar Nagusietako kideak.

 

Ekitaldiaren hasieran, Javier Caño Euskal Kontseilu Nagusiko idazkaria mintzatu zen, eta, ondoren, Joseba Leizaolak, kredentzialak hartutako lehen legebiltzarkide hautatuak, jardun zuen. Jarraian, batzar-etxearen barrura joan ziren, eta bertan, Adintsuen Mahaia eratu zen. Mahai horren buru EAJko legebiltzarkide Jesus Maria Leizaola izan zen, berak emandako hitzaldiak azkena eman zion goizeko saioari.

 

Arratsaldeko saioa 17:30ean hasi zen eta, lehenengoz, Eusko Legebiltzarreko Mahaia aukeratu zen. Honela osatu zen: mahaiburua, Juan Jose Pujana (EAJ); lehen eta bigarren buruordeak, Inmaculada Boneta (EAJ) eta Jose Antonio Agiriano (PSE-PSOE); eta idazkariak, Jose Antonio Zaldua (EAJ) eta Jose Luis Lizundia (Euskadiko Ezkerra).

 

Bestalde, legebiltzarreko taldeek, gutxienez, bost diputatu izan behar zituztela azpimarratu zen, eta, hala izan ezean, talde mistoan sartu beharko zirela. Gai horren inguruan proposatutako testua EAJk eta UCDk onartu zuten; sozialistak, komunistak eta EE abstenitu ziren, eta APk aurka bozkatu zuen.

 

Saioaren amaieran, Eusko Legebiltzarreko lehendakari berri Juan Jose Pujana mintzatu zen, eta martxoaren 9ko data ezarri zuen, Ganberaren hurrengo bilkura egiteko. Bilkura hartan, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratu zuten.