Efemeridea • 2023ko apirilaren 19a
Eustakio Mendizabal, “Txikia”: ETAko buruzagi eta militantea
Gaurkoa lako egun batean, 1973ko apirilaren 19an, Eustakio Mendizabal, “Txikia”, ETAko buruzagi izandakoa, hil zuen poliziak Aberri Egunaren bezperan.
Itsasondon jaio zen, 1944ko urriaren 9an, eta Lazkaoko beneditarretan ikasi zuen, apaizgai. Hala ere, apaiztu gabe irten zen komentutik eta orduan sartu zen ETAn. Aldi berean, Donapaleu (Nafarroa Beherea) inguruko nekazaritza-ustiategi batean lan egin zuen.
1968an, erbestera joan behar izan zuen Iparraldera eta hurrengo urtean Anabel Zubikarairekin ezkondu zen. Senar-emazteek bi seme iza0n zituzten: Matalaz eta Ekaitz.
Txikiak ETAren idealei atxiki zitzaien buru-belarri eta erakunde armatuaren kausari eskaini zion bizitza, ETAren ekintza askotan gogotik parte hartu zuela, besteak beste, Orbegozo enpresan eginiko lapurretan, Bizkaiko Bankuko lapurretan eta sindikatu frankisten Irun, Errenteria, Tolosa eta Hernaniko bulegoak erretzeko ekintzetan.
ETAren ekintza askotan esku hartu zuela eta, Mendizabal poliziaren jomuga garrantzitsu bihurtu zen. Horren adibide garbia dugu 1973ko martxoaren 9an gertatutakoa, institutu armatuak Txikia harrapatzeko segada bat antolatu zuelarik Zumarragan, baina, azkenean, Mendizabalek eta lagun batek poliziari ihes egin zioten. ETAk, orduan, Gipuzkoatik alde egiteko eta Bizkaian ezkutatzeko aholkatu zion, baina ez zuen onartu.
1973ko apirilaren 19an, Aberri Egunaren bezperan, Txikia Algortako geltokira iritsi zen, eta han lagun bat zuen zain. Orduan ere poliziak segada bat prestatu zuen, baina horretaz konturatuta, biak banandu eta ihesari ekin zioten. Mendizabalek tiro bat jaso zuen hanka batean, eta auto bat lapurtzen saiatzen ari zela, polizia bat harengana joan eta tiro egin zion buruan. Minutu batzuk geroago hil zen Basurtuko ospitalean.
Espainiako Gobernuak zeinahi omenezko ekitaldi debekatu zuen arren, meza jendetsua egin zuten Zokoan haren omenez.
ETAren barruan, Mendizabal “langileen” arloa eta “militarren” arloa ondoen ezkontzen zituen gizona zen, eta haren heriotzaren ondotik, hurrengo urtean, esandako bi arloen arteko zatiketa izan zen.