Efemeridea • 2020ko irailaren 15a
Euzkadi Irratia-Radio Euzkadi, "La Txalupa", Venezuelako oihanetik zuzenean
13 urtean, 1965 eta 1977 artean, Euskadiko herritarren legezko gobernu bakarraren mezuak eta albisteak igorri zizkien euskaldunei eta munduari erbestetik.
Gaurkoa lako egun batean, 1965eko irailaren 15ean, hain zuzen, erbesteko Radio Euzkadi saioak ematen hasi zen Venezuelako oihanetik. Bigarren aldia zuen irratiak, lehenago Iparraldetik egiten baitzituen saioak. Frankismoaren garaiko euskal erbesteratuen talde batek bultzatuta, “La Txalupa”k (izen horren bidez ezaguna zen) irratia Latinoamerikako herrialde horretan, 1977ra arte emititu zuen. Handik, 13 urtean, Euskadiko herritarren legezko gobernu bakarraren mezuak eta albisteak igorri zizkien euskaldunei eta munduari, betiere Euskal Herriaren kausa defendatuz. Egundoko lana izan zen, funtsean, boluntarioek eginikoa, baliabide tekniko gutxiren laguntzaz eta ia diruzko baliabide barik.
Lehenengo argazkian, Radio Euzkadiko kolaboratzaile gehienak ageri dira. Makurtuta: Jon Mikel Olabarrieta, Santi Guruzeaga, Paul Agirre, Paulin Urresti, Guillermo Ramos eta Peru Ajuria. Zutik: Domeka Etxearte, Ricardo Libano, José Luis Atxa, Iñaki Erkoreka, Isaka Atutxa, Pello Irujo, Iñaki Anasagasti, Iñaki Aretxabaleta, Iñaki Landa, Mikel Olasagasti, Juan Mari López, Jon Gómez eta Kepa Lekue.
Bigarren argazkia: Isaka Atutxa, irratiko operadore iraunkorra eta Santi Guruzeaga, Venezuelako Radio Euzkadiren emanaldi batean.
Historia apur bat
Lehen Eusko Jaurlaritza aldarrikatu eta eratu ondoren (1936), lehenengo Radio Euzkadi eratu zen Bilbon, eta, hango mikrofonoetatik, Agirre lehendakariak Eguberrietako mezua igorri zien Euskal Herri osoari, matxinatuen eskutik jasaten ari ginen eraso eta sarraskiak salatu zituela. Eta horrela, frankismoaren krimenak etengabe salatuz, 1937ko ekainera arte iraun zuen.
Geroago, klandestinitatean, Radio Euzkadi-Euzkadi Irratia sortu zen Iparraldean, erresistentziaren ikur gisa. Francoren erregimen totalitarioaren aurkako salaketa etengabeak zirela eta, Francok harreman diplomatikoak erabili behar izan zituen irratia isilarazteko.
Orduan, beste herrialde batzuetatik aritzeko aukera aztertzen hasi zen, eta Amerikatik egiteko ideia sortu zen. Venezuelak funtsezko ezaugarriak zituen: gobernu-sistema demokratikoa, eremu ezin hobea, gizatalde aseezina Euskadiren aldeko borrokan…
Hala, Radio Euzkadi-Euzkadi Irratiaren hirugarren aldia hasi zen, indar eta irmotasun osoz Venezuelako oihanetik.
13 urtez aritu zen irratia. EGI-Caracaseko kide ziren abertzale sutsuen talde batek, euskaraz eta gaztelaniaz, egunero ordu erdiko emanaldiak eskaintzen, bost kontinenteetara zabaldu zituen mezuak, emanaldiak EUZKOTARREN ABERRIA EUZKADI DA sabindar lelo ederrarekin amaituta.
1977ko apirilaren 13an emititzeari utzi zion.