Efemeridea 2021ko irailaren 24a

“Euzko gudariak gara, Euzkadi askatzeko”

Gaur, irailak 24 dituela, 85 urte bete dira gudariek Bilbon desfilatu zutenetik “Euzko gudariak” ereserkiaren letra abestuz.

“Euzko gudariak gara, Euzkadi askatzeko”

“Euzko Gudariak”, gerra garaiko Euzko Gudarosteko batailoien ereserkia eta diktaduraren aurkako borrokaren ikurra, Getxoko Jose Maria Garate jeltzaleak egin zuen 1932an. Hasiera batean, ez zuen lau urte geroago eskuratu zuen garrantzia izan. Gerra piztu zenean, ordea EAJ-PNV alderdiaren Arana Goiri batailoia Iturribideko Patronatuan zeukan kuartelean abesten hasi zen, eta 36ko irailaren 24an, Bilbon desfilea egindako gudariek abestu zuten, Elgoibarko Zirardamendi-Aiastiako frontera zihoazela, ikurrinaren atzetik. 1945ean ere, Pointe-de-Grave (Bordele) naziengandik askatzen parte hartu zuten Gernika batailoiko gudariek ere “Euzko Gudariak” ereserkia erabili zuten.


Artikuluari erantsi diogun estekan, Baleuko etxeak ekoitzi eta Sabino Arana Fundazioaren laguntzaz egindako “Goazen gudari danok… Askatasun bidean. Zirardamendi, Aiastia (San Migel-Elgoibar, 1936)” dokumentalaren pasarte batzuk ikus daitezke, gudariak kanta abertzalea entseatzen ari direla. Bestetik, Iñaki Goioganak DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2014-09-20an, “Goazen gudari danok... El Batallón Arana Goiri frente al fascismo” argitaratutako erreportajea doa atxikita.