Efemeridea • 2023ko urriaren 16a
Euzko Gudarostea, Euzkadi askatzeko
Euzko Gudarostea 1936ko abuztuaren 8an sortu zen, EAJ-PNV alderdiaren miliziek osatuta, eta 1936ko urriaren 16an ofizialdu zen.
Gaurkoa lako egun batean, 1936ko urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzak, dekretu baten bidez aldarrikatuta, Euzkadiren zerbitzuko euskal armada sortzeko lehen urratsak egin zituen. Euskal armada hark 40.000 gudari izan zituen lehorreko eta itsasoko indarren artean.
Euzko Gudarostea 1936ko abuztuaren 8an sortu zen, Loiolako (Azpeitia) santutegian kuartelatutako gudariek EAJko kide oro eta borrokan egiteko adinean zeuden jarraitzaile oro batzeko dei orokorra egin zutenean, euskal milizia abertzaleetan oinarrituta.
Horrela, EAJk miliziak antolatzeko deia egin zuen, matxinatuetatik defendatzeko eta, balizko matxinaden aurrean, ordena publikoa kontrolatzeko. Gogorarazi behar da ‘Euzko Gudarostea’ terminoa euskal milizia abertzaleei bakarrik dagokiela, hau da, Eusko Jaurlaritza osatu baino ia hiru hilabete lehenago osatu ziren miliziei.
Nolanahi ere, gerora Euzkadiko Armada eratu zuten batailoien artean, Euzko Alderdi Jeltzaleari lotutako unitate militar gehiago zeudenez, Euzko Gudarostea izendapena askotan erabili zen Jose Antonio Agirre Defentsa sailburu zela zuzendu zuen euskal armada osoari deitzeko, baina, bertan, beste ideologia batzuetako unitateak ere txertatu ziren (sozialistak, komunistak, errepublikazaleak, anarkistak...).
Aipaturiko dekretu horrez geroztik, euskal lurraldeetan zeuden indar militarrak errepublikarren aldeko Iparraldeko Armadan kokatuta zeuden, I. Euskal Gudarostea edo Euzkadiko Gudarostea zirela. Baina Agirre lehendakariarentzat, horixe zen Euzkadiko armada, zehatzago esanda, Euzko Gudarostea.
Albistearekin batera, Eduardo Jauregiren erreportajea doa, Euzko Gudarostearen sorreraren 75. Urteurrenaren kariaz argitaratua. DEIA, 2011-06-11.