Efemeridea 2020ko maiatzaren 4a

Euzko Ikastola Batza, ikastolen lehen elkartearen sorrera 1932an

Francok ez zuen euskarazko irakaskuntzaren garra erabat itzali eta, pertsona askoren konpromisoari esker, sugarrak piztuta iraun zuen.

Euzko Ikastola Batza, ikastolen lehen elkartearen sorrera 1932an

1932ko maiatzaren 4an, Euzko Ikastola Batza (EIB) sortu zen Bilbon, eta orduan ziren Bizkaiko 14 ikastolak eta Gipuzkoako bakarra atxiki zitzaizkion elkarteari. EIBk Sabin Etxea aukeratu zuen elkartearen egoitzatzat. Ekimenaren bultzatzaileek uste zuten irakaskuntzak euskal nortasuna bermatu eta elikatu behar zuela. EIBren ibilerak lau urte egin zituen, 1936ko gerra piztu arte. Une horretatik aurrera, Euzkadiko Gobernuak bereganatu zuen elkartearen lana, bai Euskadin jardun zuen bitartean, Euzkadiko Eskolak sortu zituela, bai erbestean; izan ere, ahal izan zuen artean, hainbat ikastetxeri eutsi zien, hala nola Donibane Garaziko Koloniari (euskarazko eskolak ematen ziren han).


Hego Euskal Herrian, diktadurak ezarritako erregimen berriak debekatu egin zuen euskararekin edo euskal kultura eta nortasunarekin zerikusia zuen oro. Hala ere, Francok ez zuen euskarazko irakaskuntzaren garra erabat itzali eta, pertsona askoren konpromisoari esker, sugarrak piztuta iraun zuen.


Horren adibide ditugu “klandestinitateko andereñoak” (Sabino Arana Saria 2006). Adore eta kemen handia erakutsi eta haien egoera eta etorkizuna arriskuan jarrita, izugarri lagundu zuten euskara iraunarazten eta garatzen, nahiz eta nahiz eta errepresioa zuzenean pairatu. Sabino Arana Fundazioak andereño haien guztien konpromisoa eta borroka aitortu nahi izan zituen, “Gaur egun euskal hezkuntza-sistemaren atal diren ikastolen mugimendu hasi berria abian jartzeagatik”.
 

Informazio gehiago hemen:

- Gregorio Arrienen artikulua, DEIAn 2015/10/31