Efemeridea 2021ko irailaren 3a

Federico Belaustegigoitia Landaluze, euskal abertzaletasunaren aitzindarietako bat Araban

Gaurkoa lako egun batean, 1877ko irailaren 3an, Federico Belaustegigoitia Landaluze abertzalea eta euskara batuaren aitzindaria jaio zen Laudion (Araba).

Federico Belaustegigoitia Landaluze, euskal abertzaletasunaren aitzindarietako bat Araban

Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen Deustu eta Escorialeko unibertsitateetan, baina inoiz ez zen abokatu gisa aritu eta 20 urtetik gora zituenean ikasitako euskara lantzen jardun zuen gorputz eta arima. Laudioarrak irmo aldeztu zuen euskararen etorkizuna, batez ere, “eskoletan ikastea” zela, eta zeregin horretan ibili zen beste pertsona gogoangarri batekin, Luis Eleizalderekin, batera.


1912 eta 1919 urteen artean, Euskal Esnalea aldizkarian kolaboratu zuen eta 1919an Euskaltzaindia sortu berrian sartu zen. Bizkaiko Foru Aldundiaren aholkularia ere izan zen hizkuntza arloan, eta euskararen batasunaren bultzatzaileetako bat.


Belaustegigoitiaren kultura-esparruko lana eta militantzia abertzalea, zehazkiago, militantzia jeltzalea, beti loturik egon ziren. Horren ildotik, Bizkaiko Diputazioaren probintziako diputatu hautatu zuten 1913an, bai eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko kide ere 1915 eta 1916 urteetan, Arabako lurraldearen ordezkari gisa. Jarrera erlijioso sakona zuela, EAJ alderdi laiko bihurtzeko saiakera guztien aurka borrokatzen saiatu zen. Hori dela eta, EAE/ANVren proiektuaren aurkari handienetakoa izan zen.


Maria Ortueta durangarrarekin ezkondu zen eta seme-alabetatik bi galdu zituen Gerra Zibilean. Itziar alaba Durangoko bonbardaketan hil zen eta Balendin semea Kirikiño batailoian borrokan. Gerraren ondoren, Frantziara, Ingalaterrara, Casablancara eta, berriro, Frantziara erbesteratu zen. 1947ko uztailaren 23an hil zen, Euskadira itzulita, Areetan (Getxo), 70 urte zituela.