Efemeridea 2020ko maiatzaren 15a

Federico Krutwig Sagredo, XX. mendeko ideologo abertzalea

26 urte zituela euskaltzain oso izendatu zuten. Literaturaren ildotik, hizkuntzaren bateratzea proposatu zuen XVII. mendeko lapurteran oinarrituta

Federico Krutwig Sagredo, XX. mendeko ideologo abertzalea

Gaurkoa lako egun batean, 1921eko maiatzaren 15ean, Federico Krutwig Sagredo jaio zen Getxon. Krutwig, XX. mendeko eleaniztun, politikari eta euskal idazlea, aditua izan zen 20 hizkuntzatan baino gehiagotan. Aita alemaniarra eta ama bizkaitarra –Veneziako familia batekoa− zituen, eta lehen mailako ikasketak ikastetxe frantses pribatu batean egin zituen; batxilergoa, berriz, Bilboko ikastetxe alemanean. Geroago, Zuzenbidea ikasi zuen Parisko Sorbonan eta Ekonomia Bonn hiriko Unibertsitatean, bi lizentzia horiek atera zituela.

 

Oso gazterik ikasi zuen euskaraz, bere kabuz. 1941. urtean, Resurrección Maria Azkue lehen euskaltzainburuarekin adiskidetu zen eta harekin lanean ibili zen harik eta Euskaltzaindiko burua hil zen arte. 1943an sartu zen Akademian 22 urte zituela, eta 26 urterekin euskaltzain oso izendatu zuten. Krutwig-i esker, Euskaltzaindia biziberritze bidean hasi zen. Euskararen bateratze literarioa proposatu zuen, XVII. mendeko lapurteran edo lapurtera klasikoan oinarrituta.

 

Aita Luis Villasanteren sarrera-hitzaldiaren erantzuna irakurri ostean –hitzaldi hartan, Elizak euskararen auzian zeukan jarrera zabal maiseatu zuen−, 1952an, erbestera joan behar izan zen Francoren erregimeak euskal pentsamoldearen aurkako jazarpenagatik eta Ipar Euskal Herrian finkatu zen.

 

Donibane Lohizunen eta Parisen bizi izan zen, eta gero Alemaniara joan zen. 1961ean, Ipar Euskal Herrira itzuli zen eta hainbat bileratan izan zen beste iheslari batzuekin. Batzar haietan, euskal abertzaletasunaren doktrina berrikusi zuten. Gogoeta horien emaitzaz, 1963. urtean, “Vasconia” izeneko lana argitaratu zuen, Fernando Sarrailh de Ihartza goitizena erabilita. Liburuak eragin handia izan zuen sasoi hartan sortu berria zen ETAko kideen artean.

 

Frantziako agintariek herrialdetik kanporatuta, 1964an Belgikara joan zen. Han, hartu-emanetan ibili zen ETAko kide batzuekin eta erakundearen Biltzar Tipia organo aholku-emailean hasi zen. Geroago, Erromara joan zen eta, apurka-apurka erakunde armatutik bereizi zen. 

 

Franco hil ondoren, Zarautzen finkatu zen eta gogoetari nahiz literatura-ekoizpenari ekin zien buru eta bihotz.

 

“Vasconia” liburuaz gain, ondoko lanak argitaratu zituen: “La cuestión vasca” (1965), “Vasconia y la nueva Europa” (1976), “Mikelditarrak” (1979), “Ekhaitza” (1980), “Garaldea: sobre el origen de los vascos” (1978), “Belatzen Baratza” (1979). 1982. urtean, “Belatzen Baratza” bildumari lotuta, hauexek argitaratu zituen: “Jakintza-baitha”, “Erroten Burgiko mystérioa”, “Halbelnoren amazônak” eta “Mystagintza zaharra”. Azken lanak, berriz, ondokoak izan ziren: “Crítica de la crítica” (1985) eta “Los gitanos vascos” (1986).

 

Bilbon zendu zen, 1998ko azaroaren 15ean.