Efemeridea 2020ko irailaren 3a

Federiko Belaustegigoitia (1877-1947)

Kulturgintza eta abertzaletasunaren inguruko militantzia uztartu zituen beti.

Federiko Belaustegigoitia (1877-1947)

1877ko irailaren 3an, Federiko Belaustegigoitia Landaluze jaio zen Laudion. Belaustegigoitia Arabako abertzale goiztiarrenetakoa izan zen eta gogotik jardun zuen euskararen alde. Horren erakusgarri, euskaltzain urgazlea izan zen, euskara ikasten 20 urtetik gora zuela hasi bazen ere.


Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen, baina ez zuen inoiz abokatu lez jardun; buru eta bihotz aritu zen euskal hizkuntza ikasten. Hala, bada, laudioarrak irmo defendatu zuen “euskarak etorkizuna izango badu, batez ere, eskoletan sartu behar dela”.


Kulturgintza eta abertzaletasunaren inguruko militantzia uztartu zituen beti.


Federiko Maria Ortueta durangarrarekin ezkondu zen 1907an, eta seme-alabetako bi galdu zituen Gerra Zibilean. Alaba, Itziar, Durangoko bonbardaketan hil zen eta semea, Balendin, “Kirikiño” batailoian borrokan zegoela. Gerraren ostean, Frantziara atzerriratu zen, gero Casablancara eta, berriro ere, Frantziara. 1947an hil zen, Euskadira itzulita, Areetan (Getxo), 70 urte zituela.