Efemeridea 2023ko maiatzaren 25a

Felipe Arrese Beitia: euskara salbatzen ahalegindu zen olerkaria.

Gaurkoa lako egun batean, 1841eko maiatzaren 25ean, Felipe Arrese Beitia jaio zen Otxandion. Lanbidez eskultorea izan arren, batik bat, idazle eta olerkari gisa famatu zen.

Felipe Arrese Beitia. Felipe Arrese Beitia.

Zazpi urte zituela, lehen ikasketan egin zituen jaioterrian, baina hamahiru urterekin eskolara joateari utzi zion, aitari aroztegian laguntzeko. Hiru urte geroago, Gasteiza joan zen, arotzaren lanbidea ikastera, eta egindako ahaleginei esker, lehen saria eskuratu zuen bere promozioan. 18 urterekin, Otxandiora itzuli zen eta aroztegia zabaldu zuen bertan.

1865ean, lehen olerkia idatzi zuen, eta olerkigintza landu zuen Euskara aldizkarian, Arturo Campionek eskatuta. 1871ean,  Angela Bengoarekin ezkondu zen eta senar-emazteek sei seme-alaba izan zituzten, baina bi baino ez ziren bizirik irten. 1873an, Donostiara joan zen eta, Gipuzkoako hiriburuan, euskal pertsona ospetsuen erretratuak egin zituen “Probintziako Institutuarentzat”. Era berean, bizkaieraren gramatika eta lexikoari buruzko eskuliburua argitaratu zuen, Diccionario y Manual Bascongado y Castellano y Elementos de Gramática izenekoa. 

Hiru urteren buruan, Arresetarrak Otxandiora itzuli ziren, eta 1894an emaztea hil zitzaion. Geroago, Gabriela Iturrietarekin ezkondu zen. Garai hartan, Felipe Arresek olerki batzuk argitaratu zituen Euskalzale aldizkarian.

Felipe Arrese Beitiak 400 olerki baino gehiago, ipuin ugari, itzulpen-lanak eta musika-lanetarako letrak idatzi zituen. Horiek guztiek euskara sustatzen lagundu zuten.

Beste inork ez zuen adierazi Arresek bezala foruak galdu ondoko eta euskararen hilzoriagatiko herri-mina eta sentimendua.

Ingurumari horretan ulertu behar dugu “Ama Euskeriari azken agurrak”. Olerki horri esker, 1879an, Elizondoko “Euskal Jaietako” Olerki Lehiaketaren lehen saria irabazi zuen.

                                                        

 “Neure biotzeko amatxo zarra

Antxiñako Ama Euskera,

Seme leyal bat orain datortzu

Azken agurra emotera;

Ainbeste gerra goitu ezinda

Danori atsotu zara,

Zaurien zauriz galdu-galduta

Amatxo zoaz illtera”

 

1906ko urtarrilaren 16an hil zen, 64 urte zituela.