Efemeridea • 2020ko maiatzaren 25a
Felipe Arrese Beitia, euskara arriskuan igarri zuen olerkaria
Otxandion (Bizkaia) jaio zen 1841eko maiatzaren 25ean, eta haren lanak hizkuntzaren aldeko jarrera hedatzen lagundu zuen, hilzorian zirudien une batean.
Gaurko lako egun batean, 1841eko maiatzaren 25ean, Otxandion (Bizkaia) jaio zen Felipe Arrese Beitia, XIX. mendearen amaierak ondu duen euskal idazlerik oparoenetako bat. Arrese Beitiaren literatura-lanek 400 olerki baino gehiagok, ipuin ugarik, itzulpenek, musika-konposizioetarako letrek eta abarrek osatutakoa arnasa eman zioten euskarari. Olerkariak inork baino hobeto jakin izan zuen herri gogoa, foruak galdu osteko mina eta euskararen heriotzaldia adierazten.
Ingurumari horretan ulertu behar da “Ama Euskeriari azken agurrak” izeneko olerkia; 1879. urtean, Elizondoko “Euskal Jaietan” (Iparraldeko “Lore Jokoak” izenekoen kopia) antolatutako olerki-sariketa irabazi zuen olerki horri esker.
“Neure biotzeko amatxo zarra
Antxiñako Ama Euskera,
Seme leyal bat orain datortzu
Azken agurra emotera;
Ainbeste gerra goitu ezinda
Danori atsotu zara,
Zaurien zauriz galdu-galduta
Amatxo zoaz illtera”.
Ordutik aurrera, mota horretako kultur sariketa gehienetan parte hartu zuen, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen, Irunen, Markinan, Hondarribian, Durangon, Gernikan, Arrasaten, Iurretan, Senperen, Aramaion, Beran eta abarretan, eta guztietan atera ohi zen irabazle. Otxandioko olerkariarenak dira oroimenean atxikita geratu zaizkigun hainbat bertso, hala nola Euskaldun jayo nintzan / Euskalduna azi / Euskara utsik amak / Eustan irakatsi / Euskara maite maite / Zabiltz neugaz beti / Euskara ill ezkero / Ez dot gura bizi.
Lanbidez, eskultore eta tailugilea zela, Felipe Arresek kolaboratzaile jardun zuen euskarazko aldizkari ugaritan eta hainbat pertsona esanguratsuren laguna izan zen, besteak beste, Arturo Campión, Ramón de la Sota edo Resurrección Mª Azkuerena.
Arrese Beitiaren lanen artean, ondokoak nabarmenduko ditugu:
· Ama euskeriaren liburu kantaria (Bilbo, J. Astui, 1900, 496 orr.).
· Asti-orduetako bertsozko lanak (Bilbao, J. Astui, 1902).
· Olerkiak (Euskaltzaindia, 1957).
1905eko urtarrilaren 16an hil zen, bizitza osoa euskararen biziraupenaren aldeko lanari eskainita.