Efemeridea • 2020ko ekainaren 19a
Fernando Aire “Xalbador” bertsolariaren jaiotzaren mendeurrena
• Askorentzat, “bat-bateko jardunaren miraria izan zen, baliabideengatik, taxuagatik eta sakontasunagatik”.
Gaur, ekainaren 19an, garai guztietako euskal bertsolari onenen eta miretsienen jaiotzaren mendeurrena gogoratuko dugu: Fernando Aire edo jaio zeneko baserriaren izenaz ezagunagoa izan zena: “Xalbador”.
Urepelen (Nafarroa beherea) jaio zen 1920an; artzaina zen, baita bertsozale amorratua ere. 16 urte zituela kantatu zuen lehen bertsoa hainbat bertsolarik saioa egin zuteneko taberna baten kanpoaldean eta, antza denez, bertso-kantariek ez zuten begiko izan Xalbadorrek egindakoa. Mundu Gerraren eta aitaren heriotzaren zioz, bertsolaritzari uztekotan egon zen. 1946an, bertsolaritzaren bultzatzaile nagusitako batek, Teodoro Ernandorenak, Xalbador eraman zuen Donibane Lohizunen antolatutako saiora. Saio hura garrantzi handikoa izan zen Xalbadorrentzat, bertan ezagutu baitzuen bertso-lagunik zintzoena, Mattin Treku.
Xalbadorrek Bidasoaren alde bietako euskal herri askotan kantatu zuen, garai hartako bertsolari onenekin batera: Basarri, Uztapide, Azpillaga, Lopategi, Lazkao-Txiki, Joxe Lizaso… Ernandorenaren eskutik, Parisen kantatu zuen eta Estatu Batzuetan ere aritu zen, euskal jatorriko migratzaileak ugari ziren herrietan.
Bertsolari-txapelketa askotan parte hartu zuen Xalbadorrek; saio guztietan, gogoratzeko modukoa da entzule batzuen txistualdia 1967ko txapelketan, Anoetan, epaileen erabakiarekin ados ez zeudelako. Baliteke 1967ko txapelketa horrengatik irabazi ez izana, baina saio hartan pairatu zuen bidegabekeria gorabehera, txistualdi bete-betean, Xalbadorrek bere aldera ekarri zituen entzuleak, bakeak egiteko bertso gogoangarria kantatuta.
Askorentzat, “bat-bateko jardunaren miraria izan zen Xalbador, baliabideengatik, taxuagatik eta sakontasunagatik”.
Bertotan aritzeaz gain, hainbat liburu argiatartu zituen, besteak beste, Ezin bertzean, Herri gogoan edo Odolaren mintzoa (azkena goi-mailako lantzat hartu da.
Leoni Etxebarrenekin ezkondu zen 1943ko urtarrilaren 29an eta bina seme-alaba izan zituen: Henriette, Mixel, Daniel eta Mari Helena.
Fernando Aire Etxart “Xalbador” jaioterrian zendu zen, bihotzekoak jota, 1976ko azaroaren 7an, omenaldia egin zioten egunean.