Efemeridea 2022ko otsailaren 16a

Forondako aireportuak 42 urte bete ditu

1980ko otsailaren 16an, 15: 30ean, Gasteizko aerodromoa inauguratzeko erabili zen lehen hegazkin komertziala aireratu zen.

Forondako aireportuak 42 urte bete ditu

Aurreneko hegaldiak Mallorcako Palma hiria izan zuen helmuga. Bidaia horrek amaiera eman zien aireportu berria eraikitzeko proiektu eta hamar urte lehenago hasitako lanei eta mugarri izan zen lurraldeko hegazkingintzaren historian.


Baina Forondaren aurretik, Gasteizek aireportu bat barik, bi izan zituen.


1913an, Lakuako abiazio-eskolako lehen hegaldiak egin zirenetik, hegazkingintza Arabako historiari loturik egon da beti. Lakuako zelaiaren ostean, Salburuakoa etorri zen, azkena 1935eko irailaren 29an inauguratu zela.


Abiazio-eremu hura, geroago Mola jeneralaren izena hartu zuena, militar matxinatuek erabili zuten Gerra Zibilean, eta borroka amaitu ondoren, jolas-jardueretan erabili zen nagusiki.


Forondako aireportuaren inaugurazio-ekitaldia, 1980ko otsailaren 16an, instalazioak bisitatzeko ekitaldia izan zen. Bertan egon ziren Carlos Garaikoetxea, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusiko lehendakaria; Emilio Gebara Arabako ahaldun nagusia eta beste agintari batzuk. Ondoren, Arabako Foru Aldundiaren egoitzan, Garraio eta Komunikazio ministro Salvador Sánchez Teránek eta ahaldun nagusiak dokumentuen trukea egin zuten, eta egintza horren bidez, Estatuari eskualdatu zitzaion erositako edo instalatutako lurren, eraikinen eta gainerako ondasunen titulartasuna. Izan ere, beste aireportu batzuen kasuan ez bezala, Arabako Foru Aldundiarena izan zen haren titulartasuna eskualdatu zen arte, foru-erakundeak ordaindu baitzuen inbertsioaren ehuneko laurogeita hamar baino gehiago.


Gaur egun, Gasteizko aireportuak estatuko eta nazioarteko hainbat hegaldi erregular darabiltza. Gainera, 1993tik merkantzien trafikoan espezializatu da, hainbat konpainiak salgai galkorren helduera-gune eta paketeak banatzeko oinarrizko gune aukeratu zutelako. Alde horretatik, aire-kargaren sektorean, erreferente handia izan da Foronda, eta oraindik ere bada.