Efemeridea 2021ko irailaren 27a

Francoren azken hilketak

Erregimen frankistaren azken erailketak gaurkoa lako egun batean egin ziren, 1975eko irailaren 27an.

Francoren azken hilketak

ETAko bi militante, Jon Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi, eta FRAPeko hiru, Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena, fusilatu zituzten.


Aste batzuk lehenago, epaiketaren aurkako mobilizazioak hasi ziren, 1970ean, Burgosko epaiketaren kariaz egindakoen modukoak. Nazioarteko elkartasuna eta barkatzeko eskariak arin bai arin etorri ziren, bai eta irailaren 26tik 27rako gauean ere. Baina Francok ez zien jaramonik egin Vatikanoaren deiei eta Paulo VI.a aita santuaren hiru erreguei. Antza denez, jeneral zaharrak ez esnatzeko agindua eman zuen “deitzen zuenak deitzen zuela”. Goizeko 8:30etan, Angel Otaegi Burgosko Villalon espetxean erail zuten. Bost minutu geroago, Juan Paredes Manot pelotoiaren aurrean zegoen, Cerdanyolan (Bartzelona). Handik ordubetera, FRAPeko hiru kideak fusilatu zituzten Madrilgo kanpoaldean.


Diktadorea bi hilabete geroago hil zen. Sergio Vilar historialariak (Valentzia, 1935 - Bartzelona, 1998) adierazi zuen bezala, “Franco erailtzen zendu zen, bizi izan zen modu berean”.


Fusilamendu horiek, Francisco Francoren azken egunetan gertatutakoek, izugarrizko oihartzuna izan zuten mundu osoan, eta Europako hainbat herrialdek Espainiarekiko harremanak eten zituzten gertakariaren ondorioz.


Txema Monterok DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2015eko apirilaren 25ean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.