Efemeridea 2020ko ekainaren 30a

Frankismoaren sasoiko konfiskatzeak: Agiriak berreskuratzeko bulegoa

Gaur, ekainak 30 dituen honetan, frankismoaren garaian konfiskatutako agiri berezi bat erakutsi nahi dizuegu. Sabino Arana Fundazioak jaso zuen dohaintzan, 2014. urtean.

Frankismoaren sasoiko konfiskatzeak: Agiriak berreskuratzeko bulegoa

Joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadako larrutxa edo pergamua da, gerra baino lehenagokoa. Pergamu hori erabiliz, Mexikon bizi ziren abertzaleek Jose Antonio Agirre agurtu eta zorionak eman zizkioten, Aberriaren askatasuna gaitzat hartuta, Madrilen emandako hitzaldi bateko jardunagatik. Mexiko Hiriko Euskal Etxeko kide guztien izenen zerrenda ageri da dokumentuan, mekanografiaturik, bai eta guztien sinadura, eskuz eginda, pergamu-orrietan.

 

Euskal Herriko armarria azalean darakutsan eta, bizkar gisa, orri guztiak lotzen dituen lokarri gorriz, zuriz eta berdez apainduta dagoen dokumentu honen berezitasuna hauxe da: “Agiriak Berreskuratzeko Bulegoa – Bilbo” dioen zigilua daroa agiriak. Erakunde frankista hori diktaduraren aurkako erakunde eta antolakundeen dokumentazioa konfiskatzen aritu zen Bilbo galdu zenetik (1937ko ekaina), zigortzeko helburuz. Alabaina, gainerakoak ez bezala, agiri hori ez zen Salamancan amaitu, norbanakoen eskuetan baizik.