Efemeridea 2021ko maiatzaren 6a

Frantzisko Xabier Landaburu: abertzale polifazetiko baten bizitza

Gaurkoa lako egun batean, 1963ko maiatzaren 6an, Frantzisko Xabier Landaburu Fernandez de Betoño hil zen. Abokatua, kazetaria eta XX. mendeko politikari garrantzitsuenetakoa izan zen.

Frantzisko Xabier Landaburu: abertzale polifazetiko baten bizitza

Gaurkoa lako egun batean, 1963ko maiatzaren 6an, Frantzisko Xabier Landaburu Fernandez de Betoño hil zen. Abokatua, kazetaria eta XX. mendeko politikari garrantzitsuenetakoa izan zen.

 

Gasteizen jaio zen 1907ko irailaren 5ean, eta jaioterriko Santa Maria ikastetxean ikasi zuen Batxilergoa. 1922an, Zuzenbidea ikasten hasi zen Valladolideko Unibertsitatean, eta 1926an amaitu zituen ikasletak, 19 urte zituela. Hala ere, 21 urte bete arte, hau da, adinez nagusia izan arte, ezin izan zuen abokatu gisa jardun.

 

Orduan hasi zen kazetaritzan, El Heraldo Alavés eta inguruko beste aldizkari batzuetan; kulturari eta historiari lotutako artikuluak argitaratu zituen horietan. 1927an, Eusko Ikaskuntzako kide zela, euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko “Baraibar” sailaren sortzaileetako bat izan zen. Hurrengo urtean, sail horretako idazkari izendatu zuten.

 

1930aren hasieran, EAJ alderdiaren Arabako buruzagi nagusietakoa izan zen, eta alderdiaren jabetzako El Día egunkariaren zuzendari izendatu zuten. Aldi horretan, politika eta kazetaritza abokatutzarekin uztartu zituen, eta 1931n, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) kide hautatu zuten.

 

1933ko hauteskunde orokorretan, Arabako diputatu hautatu zuten, eta Landabururen programa Euskal Autonomia Estatutuaren defentsan oinarritu zen. 1936an, berriro aurkeztu zen, baina ez zuten berriro hautatu. Gerra Zibilaren hasieran, Araba matxinatuen eskuetan erori zen. Landaburu bi aldiz atxilotu zuten, eta hirugarrenez atxilotu zezaketela ohartarazi ziotenean, etxean ezkutatu zen 1937ko irailera arte. Orduan, Donibane Lohizunera joateko aukera izan zuen.

 

Erbestean, Konstantiñe Illarramendirekin ezkondu zen, eta 7 seme-alaba izan zituzten. Orduan, Parisera joan zen, Jose Antonio Agirre lehendakariak eskatuta, eta EAJren ordezkari izendatu zuten Frantziako hiriburuan. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari ere izendatu zuten Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Ligan.

 

Bigarren Mundu Gerran, aliatuen alde lan egin zuen euskal espioitza sareko kide izan zen, eta 1944an, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen Ordezkaritzan lan egin zuen ordezkari gisa. Hurrengo urteetan, EAJren izenean, nazioarteko zenbait erakunderen sorreran parte hartu zuen.

 

1960an, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen erbestean, José Antonio Aguirre hil ostean. Hala ere, ez zuen denbora gehiegi eman karguan, 1963an hil baitzen, 55 urte zituela.

 

Artikuluarekin batera, Leyre Arrietak, 2013/05/04an, DEIA egunkariaren Historias de los Vascos sailean argitaratutako erreportajea doa.