Efemeridea 2024ko ekainaren 5a

Gabriel Aresti, euskarazko poesiaren berritzailea

Gaurkoa lako egun batean, 1975eko ekainaren 5ean,  Gabriel Aresti Segurola hil zen Bilbon, 41 urte zituela. Aresti XX. mendeko euskal idazlerik bikainenetako bat izan zen eta euskarazko poesiaren berritzaile nagusietako bat.

Gabriel Aresti. Gabriel Aresti.

1933ko urriaren 14an jaio zen eta, 21 urterekin, lehen olerkiak argitaratu zituen Guatemalan sorturiko Euzko-Gogoa literatura aldizkarian. Geroago, kolaborazioak egin zituen hainbat argitalpenetan: Egan, Zeruko Argia eta Euskera. 1957an, Euskaltzaindiko euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Arestiren lanik garrantzitsuenak Harria sailekoak dira: Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968), Harrizko herri hau (1970) eta Azken harria (1976), hil ostean argitaratutakoa. Lan horietan guztietan, euskal historia eta antropologiari loturiko ikur bereizgarri batzuk ageri dira, hala nola zuhaitza, etxea edo h1arria.

Olerkigintzan ezagunagoa den arren, antzezlanak, ipuinak eta eleberriak lantzeari ere ekin zion. Hain zuzen ere, idatzitako lanen eta antzerkiaren bidez frankismoaren eta frankismoak ezarritako gizarte-moldeen aurkako ideiak gizarteratu ahal izan zituen. Euskaltzaindiko kide gisa, euskara batuaren bultzatzaile sutsua izan zen, joera garbizaleen aurrean herri-hizkera defendatuz. Euskara baturako oinarriak ezarri zituen Arantzazuko Biltzarrean ere parte hartu zuen. Euskaratzaile bikaina ere izan zen. Ildo horretan, poesia modernoko olerkari handien itzulpenak egin zituen, hala nola T.S. Eliot eta Federico García Lorcarenak, baita beste idazle batzuenak ere, beste garai batzuetako olerkarienak eta olerkari ez zirenenak.

Hizkuntzari lotutako bi liburu idatiz zituen: Batasunaren kutxa (1970), gramatikaren ingurukoa, eta Hiztegi ttipia (1973), Xabier Kintanarekin batera egindako hiztegia. Lur argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen, eta bertan argitaratu ziren, besteak beste, euskaraz idazten zuten Ramón Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia edo Xabier Lete gazteen lanak.

41 urte zituela hil zen, sasoiz diagnostikatu gabeko gaixotasun baten eraginez.

Amaitzeko, Arestiren olerki ezagunenetako bat ekarri dugu gaurko albistera: “Nire Aitaren Etxea”, bai eta, olerki horren letran oinarri harturik, Eñaut Elorrieta kantariak egindako abestiaren esteka ere.

NIRE AITAREN ETXEA                                                                                                                                                  

Nire aitaren etxea

defendituko dut.

Otsoen kontra,

sikatearen kontra,

lukurreriaren kontra,

justiziaren kontra,

defenditu

eginen dut

nire aitaren etxea.

Galduko ditut

aziendak,

soloak,

pinudiak;

galduko ditut

korrituak,

errentak,

interesak,

baina nire aitaren etxea defendituko dut.

Harmak kenduko dizkidate,

eta eskuarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

eskuak ebakiko dizkidate,

eta besoarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

besorik gabe,

sorbaldik gabe,

bularrik gabe

utziko naute,

eta arimarekin defendituko dut

nire aitaren etxea.

Ni hilen naiz,

nire arima galduko da,

nire askazia galduko da,

baina nire aitaren etxeak

iraunen du

zutik.

 

LA CASA DE MI PADRE

Defenderé

la casa de mi padre.

Contra los lobos,

contra la sequía,

contra la usura,

contra la justicia,

defenderé

la casa

de mi padre.

Perderé

los ganados,

los huertos,

los pinares;

perderé

los intereses,

las rentas,

los dividendos,

pero defenderé la casa de mi padre.

Me quitarán las armas

y con las manos defenderé

la casa de mi padre;

me cortarán las manos

y con los brazos defenderé

la casa de mi padre;

me dejarán

sin brazos,

sin hombros

y sin pechos,

y con el alma defenderé

la casa de mi padre.

Me moriré,

se perderá mi alma,

se perderá mi prole,

pero la casa de mi padre

seguirá

en pie.

 

https://www.youtube.com/watch?v=VWm_9L24F5I