Efemeridea • 2024ko urriaren 14a
Gabriel Aresti, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaile handienetakoa
Olerkari autodidakta eta euskararen modernizatzailea, “Nire aitaren etxea defendituko dut” olerki ezagunaren egilea dugu.
Bilboko Barroeta Aldamar kalean jaio zen 1933ko urriaren 14an, eta Bilboko Merkataritza Eskolan hasi zen peritutza-ikasketak egiten, 19 urte bete zituen arte. Dirudienez, garai hartan piztu zitzaion euskararekiko eta literaturarekiko zaletasuna.
Olerkari eta antzerkigile bilbotarra 1960-1975 aldiko mugimendu berritzaile handi guztietan ibili zen. Alde batetik, literatura sozialaren barruan sailka daiteke, Rikardo Arregi, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Txillardegi, Mitxelena eta abarrekin batera. Hala berean, gure literaturaren abangoardiako kide izan zen, Mikel Lasa, Andu Lertxundi, Joxan Artze, Bitoriano Gandiaga eta abarrekin batera.
Itzulpen bikainak egiteaz gain, Gabriel Arestik literatura-uzta oparoa izan zuen. 1964an, «Harri eta Herri» argitaratu zuen. Horren ondotik, honako hauek etorri ziren: «Euskal harri» (1967), « Batasunaren kutxa», Xabier Kintanarekin batera (1973), «Harrizko herri hau» (1971), « Hiztegi ttipia» (1973), eta 1976an, Aresti hil eta urtebetera, «Idazlan guztiak».
Poesiaren arloan ezagunagoa den arren, beste molde batzuk ere landu zituen, kasurako, antzerkia, ipuinak eta eleberriak. Hain zuzen ere, idazlanen eta antzerkiaren bidez, frankismoaren eta diktadurak ezarritako gizarte-moldeen aurkako ideiak gizarteratu zituen Arestik. Euskaltzain zela, euskara batuaren bultzatzaile sutsua izan zen, eta, aldi berean, herri-berbeta defendatzen zuen joera garbizaleen aurrean. 41 urte zituela hil zen, giltzurrunetako gaitzak jota.