Efemeridea • 2020ko urriaren 14a
Gaur, 87 urte bete dira Gabriel Aresti (1933-1975) jaio zela. Arestik “Nire aitaren etxea defendituko dut” poema ezaguna idatzi zuen.
Olerkari autodidakta eta euskararen modernizatzailea izan zen. Gazte hil zen, 41 urte zituela.
Gabriel Aresti Bilbon jaio zen, 1933ko urriaren 14an, Barroeta Aldamar kalean. Aitaren sendia Amorebieta-Etxanokoa zen eta amarena Urduña eta Castro Urdialeskoa. Bilboko Albiako lorategietan zegoen Berastegiko eskolara joan zen. 12 urte zituela, peritu ikasketak hasi zituen Bilboko Merkataritza Eskolan, eta bertan egon zen 19 urte bete arte. Antza denez, euskararekiko eta literaturarekiko zaletasuna garai horretan piztu zitzaion.
1952. urtearen inguruan (hainbat lekukotasunen arabera) harremanetan jartzen hasi zen euskal intelektualekin, lehenik eta bat Alfonso Irigoienekin, dirudienez Antonio Labaienen bitartez. Gabrielek Bilbon egin zuen soldadutza. Ikasketarik gabeko soldaduei eskolak ematea eta erretiratzeko zorian zegoen ofizialen bati ingelesa irakastea izan ziren sasoi hartako zereginak. Geroago, “La Vasco-Africana” enpresan lan egin zuen. Horixe izan zen lehen olerkiak idazteko gai-iturri.
1954an, lehen olerkia argitaratu zuen. Hasiera batean, Arestiren olerkiak, zabalkunde txikiko aldizkarietan argitaratu ziren, harik eta “Maldan Behera” (1960), bere lehen lan arrakastatsua, idatzi zuen arte. Vasco-Africana konpainian egindako beharrak eragin handia izan zuen 1964an argitaratu zuen “Harri eta Herri” olerkian. Bilbotarraren beste lan garrantzitsuenetako batzuk "Euskal Harria" (1968) eta “Harrizko Herri Hau” (1971) izan ziren.
Era berean, “Kriselu” argitaletxea jarri zuen martxan, eta han, “Harri eta Herri” lanaren bigarren edizioa eta “Euskal Harria” bigarren olerki-liburua argitaratu zituen.
1972an, “Hiztegi ttipia” izenekoaren lehen liburukia idazten amaitu zuen, eta 1973an argitara eman zuen. Hiztegia argitaratu zen urtean, Gabriel gaixorik zegoen, baina bere entziklopedia-proiektuak aurrera egin zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren proiektu batetik abiatuta, Koldo Mitxelenak “Entziklopedia Hiztegi Arauemailea” izendatu zuenekoan, lehenengoz, eta, gerora, Ibon Sarasolak sortutako “Hauta Lanerako Euskal Hiztegia” deritzon lanean.
1973ko erdialdetik aurrera, Arestiren osasun-egoerak txarrera egin zuen, eta 1975eko ekainaren 5ean hil zen, 41 urte zituela, gibeleko gaixotasun baten zioz.