Efemeridea • 2024ko apirilaren 26a
Gernika: izua zabaltzeko bonbardaketa
Gaurkoa lako egun batean, 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten Alemaniako “Condor Legioak” eta Italiako Abiazio Legionarioak, bi-biak matxinatuen zerbitzura zeudela.
1937ko apirilaren 26an, 16:30etik 19:40ra, Gernika “esperimentu makabro” edo beltz baten helburu izan zen. Alemaniarren 24 bonbaketarik eta 13 ehiza-hegazkinek, eta italiarren hiru bonbaketarik eta 10 ehiza-hegazkinek 30-40 tona bonba jaurti zituzten hirian.
Wolfram von Richthofen koronelak antolatu zuen erasoa, garai hartako Kondor Legioaren Estatu Nagusiko buruak. Hasiera batean, bonbardaketa “estrategikotzat” jo zen, haren helburu bakarra gudarien batailoiak Bermeora irtetea eragoztea baitzen. Hala eta guztiz ere, erasoaren ezaugarri eta basakeriagatik, argi dago gerrako esperimentu bat izan zena.
Nazien eta italiarren tropek bonba leherkorrak eta sukoiak erabili zituzten, eta inolako gupidarik gabe metrailatu zituzten zibilak. Lehen erasoaldiaren ostean, bizirik atera zirenak ihes egiten saiatu ziren, baina ehiza-hegazkinek ihesi zihoazen guztiak metrailatu zituzten.
Bonbardaketa arratsaldeko 19:40ean amaitu zen, eta balantzea erabat hondagarria izan zen: hiriko eraikinen % 85,22 erabat suntsitu zituzten hegazkinek, eta ehunka hildako eta desagertu utzi zituzten, 1.654 hildako eta 889 zauritu, Eusko Jaurlaritzaren datu ofizialen arabera, baina askoz gehiago izan omen ziren.
Gernikako bonbardaketak oihartzun handia izan zuen nazioarteko prentsan, eta horren adibide ditugu New York Times egunkariak erasoaren ondoko bi hilabete eta erdian argitaratutako 63 artikuluak. Bestalde, diktadura frankistak beti ukatu zuen erantzukizunik zeukanik gerra-krimen horretan.
Artikuluarekin batera, Xabier Irujok, 2010/05/01ean, DEIA egunkariaren Historias de los Vascos sailean argitaratutako erreportajea doa.