Efemeridea 2021ko irailaren 22a

Gerra Zibila Euskadin: Soraluzeko okupazioa

1936ko irailaren 22an, Julio Pérez-Salas komandantea buru zuen “Montejurrako tertzioa” zeritzonak Soraluze (Gipuzkoa) hartu zuen indarrez.

Gerra Zibila Euskadin: Soraluzeko okupazioa

Konpainia horretako ehunka soldadu Soraluzeko herrigunera heldu ziren gauean, egungo Elizburu kaletik jaitsita (Francoren garaipenaren ostean, irailaren 22a deitu zioten kaleari), eta arpilatzeak eta atxiloketak hasi ziren.


Matxinatuek arpilatu zuten lehen eraikina Abenda-Etxea izenekoa (gaur egungo batzokia) izan zen.
Eraso egindako bigarren eraikina Errepublikazaleen Etxea zegoena zen, eta, handik aurrera, ideologia abertzalea edo errepublikazalea zuten herritarren etxebizitza pribatuak.


Atxiloketak ere berehala etorri ziren. Lehenengoa Venancio Iñurrieta zinegotzi abertzale ezagunarena izan zen. Geroago, Juan Lasa praktikantea, Jose Sesma eta Jose Ezenarro atxilotu zituzten, besteak beste.


Fundazioak kaleratzen duen Hermes aldizkarian argitaratutako erreportaje bat, Venancio Iñurrietaren atxiloketari buruzkoa, erantsi diogu artikuluari. “Ez kezkatu, andrea... semea berehala itzuliko da”, esan zioten amari.


Argazkia: Venanciok, 1939ko urtarrilean, San Simon (Galizia) uharteko espetxetik familiari idatzitako gutuna.