Efemeridea 2020ko azaroaren 12a

Gorbeiako gurutzea

Gaurkoa lako egun batean, 1901eko azaroaren 12an, Gorbeiako gailurreko lehen gurutzea inauguratu zen.

Gorbeiako gurutzea

Gorbeiako gurutzearen historia XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran sortu zen, Leon XIII.a aita santuak kristautasunaren mendirik garaienetako gailurretan gurutzeak jartzeko eskatu zuenean, XX. mende berrian hasi orduko.


Leon XIII.a aita santuak, proiektu horiek bultzatu eta planifikatzeko batzordeak eratzea agindu zuen. Juan Bartolome Altzibar Zeanuriko abadeak kudeatu zuen euskal batzordea, eta Jose Maria Urratxa Zigoitiko artzapezpikua izan zen batzordeburu. Mendirik garaienean, Gorbeian, Gorbeiaganako bizkarrean, ezarri behar zen gurutzea. Proiektu hori gauzatzeko, Casto Zabala Ellakuriaga arkitektoa aukeratu zen.


Gorbeiako tontorrean ezarritako gurutzea 1900an inauguratu nahi izan zuten, baina lanak atzeratu egin ziren. Obra, azkenik, 1901eko azaroaren 12an inauguratu zen. Gorbeiako lehen gurutzeak 33 metro zituen, Kristo hil zeneko adina gogoratzeko. Lutxanan egin zen, Serapio Goikoetxearen lantegian (Barakaldoko alkatea zen garai hartan). Lantegitik Izarrara eraman zuten trenez. Hara iritsitakoan, Zarateko bizilagunek gurdietan eraman zuten gailurreraino, 14 orduko bidaia eginda.


Inaugurazio ekitaldian, Zeanuri eta Zuia herriak senidetu ziren, udalerri horiek funtsezko eginkizuna izan zutela eta gurutzea eraikitzeko lanean. Gorbeiako zelaietako artzainek, inaugurazio egunean bertan han zeudenek, iragarri zuten gurutzeak ez zuela zutik luzaroan iraungo. 1901eko abenduaren 12an, gurutzea behera jausi zen, haizete baten ondorioz.


1902ko urriaren 1ean, beste gurutze bat ezarri zen eta 1906ko otsailaren 12ra arte egon zen gailurrean, hots, beste haizete batek gurutzea bota zuen arte. Geroago, 18 metro luze den gaur egungoa, hirugarrena, inauguratu zen.