Efemeridea 2020ko irailaren 9a

Gorgonio Renteria Leniz (1868-1949), itsasgizon, Elantxobeko alkate eta EBBko burua

Gerra Zibilean, gudariei eta erbesteratuei laguntzeko lan handia egin zuen Baionako “Euzko Laguntza” bulegotik.

Gorgonio Renteria Leniz (1868-1949), itsasgizon, Elantxobeko alkate eta EBBko burua

Gaurkoa lako egun batean, 1868ko irailaren 9an, Gorgonio Renteria Leniz jaio zen Elantxoben. Renteria Leniz XX. mende hasierako euskal abertzaletasunaren zabaltzaile euskaldun  nabarmenetakoa izan zen. Merkataritza Itsasketako kapitaina zela, Gorgonio Elantxobeko alkatea izan zen, Primo de Riveraren diktaduraren aurretik, bai eta probintziako diputatua EAJ-PNV alderdiaren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) eta Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) burua. Gerra Zibilean, laguntza izugarria eman zien gudariei eta erbesteratuei Baionako “Euzko Laguntza” bulegotik .


Gorgoniok Lekeition ikasi zuen nautika, eta 1900 inguruan lortu zuen Merkataritza Itsasketako kapitainaren titulua Madrilen. 20 urtetik gorako aldian, Filipinetan bizi izan zen eta, noizbehinka, Euskadin.

 

Gazterik hasi zen abertzaletasunari lotutako jardueretan. 1904an, Elantxobeko jelkideek udal ordezkari izendatu zuten, eta urte horretan bertan, Bizkaiko eskualde-ordezkari gisa parte hartu zuen Euzko Gaztediren bilera batean, Bilbon. Propaganda-jarduera bizia garatu zuen. Galo Ibiñagabeitiarekin batera, herri euskaldun askotan ibili zen mitinak ematen.


1916an, Elantxobeko alkate hautatu zuten. 5 urte eman zituen kostaldeko herri horretako alkatetzan. Primo de Riveraren diktaduraren aurreko urteetan. Bizkai Buru Batzarreko eta Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izan zen.


Probintziako diputatua ere izan zen. Gogotik egin zuen lan Bizkaiko diputazioan arrantzaleen eta, oro har, kostaldeko herrien egoera hobetzen, eta hori dela eta, kargua utzi baino apur  bat lehenago, Bermeo, Ondarroa, Zierbena eta Bizkaiko beste portu batzuetako arrantzaleek omenaldia egin zioten.


Euskaraz hizlari trebea izateaz gain, Euzkadi egunkariko orrialdeetan idatzi zuen sarritan, “Perularra” eta “Errebido” izengoitiak erabiliz edo “E.tar G.” bere izena erabiliz, eta Ebaristo Bustintza “Kirikiño” idazlearen eta Kepa Enbeita bertsolariaren lagun mina izan zen.


Agure zela, Gerra Zibilean, berebiziko eginkizuna bete zuen. Ixaka Lopez Mendizabal tolosarrarekin batera, frontetik zaurituta zetozen gudari bisita egin zien, adorea eman eta senideen berri emateko.


Soldadu frankistek Euzkadi mendean hartu zutenean, Euzko Alderdi Jeltzaleko agintarien aginduz, Euzko Laguntzaren bulegoa antolatu eta zuzendu zuen Baionan.


Lapurdiko hiriburuan hil zen, 1940ko urtarrilaren 27an. 1959ko urtarrilaren 15ean, gorpuzkiak eraman zituzten jaioterrira, Elantxobeko hilerrira; bertan, alkate karguan zegoela, berak famatutako esaldi hau ageri da: “Otoi bat eta gero arte”.