Efemeridea 2020ko irailaren 10a

“Guernica” margolana, aldarri lazgarria, bakearen ikurra

1981eko irailaren 11n, Pablo Picassoren margolan sonatua Madrilera heldu zen, lau hamarkadatatik gora erbestean egon ostean.

“Guernica” margolana, aldarri lazgarria, bakearen ikurra

Gaurko lako egun batean, 1981eko irailaren 10ean, Pablo Picassoren “Guernica” Espainiako estatura iritsi zen. Picassok Gerra Zibilaren izugarrikeriak maisutasunez islatu zituen oihal erraldoiak 44 urte eman zituen erbestean. Hala, margolariak emandako agindua bete zen: oihala ez zen ekarri behar frankismoak debekatutako eta jazarritako askatasun demokratikoak berrezarri arte.


1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan erakutsi zen lehen aldiz; geroago, 1938an, Norvegiara eraman zuten “Guernica”, eta urte horretan bertan, Londres, Leeds eta Liverpool hirietan ikusi ahal izan zen. 1939an, New Yorkera iritsi zen eta handik San Frantziskora eta Chicagora joan zen. Harvarden, 1941ean eta 1942an egon zen ikusgai, eta Brasilen, berriz, 1953an. 1955 eta 1956 urteetan,  Europako hainbat hiritan erakutsi zuten. Bidaia horietako baten ondorioz, Picassok berak zaharberritu behar izan zuen margolana. Europara egindako bidaiaren ondoren, New Yorkeko Arte Garaikideko Museora itzuli zen. Eta hortik Madrilera, 1981ean. Gaur egun, Sofia Erregina Museoan dago ikusgai.


2016an, Sabino Arana Fundazioak urtero-urtero ematen dituen sarietako bat eman zion “Guernica” margolanak irudikatzen duen “unibertso sinbolikoari”, iraganeko izugarrikeriaren irudi eta, gaur egun, bakearen ikurra delarik.


Donari hori emanda, Pablo Picassoren “Guernica”, gaur egun, “bakearen aldeko borrokaren ikurra” dela azpimarratu nahi izan zuen Sabino Arana Fundazioak, “Gatazka historiko batzuen amaieraren ondoko argia gerren hondamendiak, errefuxiatuen zorigaitz humanitarioak eta pobreziak goibeltzen edo itzaltzen duten mundu honetan”.


Bonbardaketen gertakaria antzeztu ondoren, Gerra Zibilean Gernika, Durango eta Otxandion izandako erasoetatik bizirik atera ziren hiru lagunek jaso zuten saria -Maria Angeles Ortiz de Zarate, Andone Bidaguren eta Pilar Bilbao-, “etorkizunaren ordezkari” jardun zuten hiru gazterekin batera: Pello Iriondo, Garoa Basterretxea eta Mikel Lasuen.

 

Info gehiago:
Bonbardaketen antzezpena Arriaga antzokian.