Efemeridea 2020ko apirilaren 16a

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: José Estornés Lasa (1913-1987)

Euskal abertzaletasunarekiko konpromiso politikoaz gain, Jose Estornes Lasak euskarari eta gure herriko kulturari egindako ekarpen baliotsua nabarmendu dezakegu.

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: José Estornés Lasa (1913-1987)

Izaban jaio zen, Erronkaribarren, 1913ko apirilaren 17an. José Estornés Lasak Zaragozako Merkataritza Eskolan egin zituen ikasketak, 1932ra arte, eta bertan, hiriko Euskal Ikasleen Alkartasuneko kide izan zen. 1934an, Donostian finkatu zen, bere anaien arrastoen bila zebiltzala. Artean, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzko Gaztediko kidea zen.


Estornesen konpromiso politikoa dela eta, gogotik parte hartu zuen 1936-1939 aldiko gerran. Loiola eta Simon Bolibar batailoietako kide izan zen, eta gudarien komandante maila ere eskuratu zuen. Santoñan atxilotu zuten eta heriotza-zigorra ezarri zioten baina, geroago, beste preso batez trukatu zuten, 1938ko urtarrilaren 20an. Matxinadari kosta ahala kosta aurre egiteko erabakia hartuta, Kataluniara joan zen, eta Ebroko armadan jardun zuen XII. Kidegoaren Intendentzia buruzagi legez.


Gerra amaitu zenean, Frantziara joan zen eta, 1940. urtean, alemaniarren mehatxutik ihesi, Venezuelan erbesteratu zen. 1945ean, Luz Miangolarra Gorostiaga gernikarrarekin ezkondu zen eta Bolibartar herrialdean bizi izan zen 23 urtetan.


Administrazioan lizentziatu zen Caracasko Unibertsitate Zentralean (1962) eta Zuzenbidean  Donostiakoan (1969). Venezuelan, argitaratzaile eta hizlari gisa jardun zuen erbesteratutako euskaldunen artean. Bestalde, eskolak eman zituen Caracasko Santa Maria Unibertsitatean.


1963an, erbestealditik itzuli zen.


Bere lan ugarietan, euskara ikasteko hiru metodo idatzi zituen: 1960an, “Cómo aprender el vasco fácilmente” argitaratu zuen; hurrengo urtean “Método elemental de vasco”; eta 1968an, “Erronkari'ko euskara”, Erronkaribarreko euskalkiari eskainitakoa. Euskalkiak lantzearen aldekoa zen Jose Estornes. 1979an, “Un Gudari Navarro en los frentes de Euzkadi, Asturias, Cataluña” izeneko liburua argitaratu zuen.


Errepublikaren Kultura Kontseiluko kide izan zen, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Iruñeko Euskal Kulturaren Akademiako buru izan zen, Euskaltzaindiaren kide urgazlea eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea ere izan zen. Horiez gain, Amnesty International erakundearen sortzaileetako bat izan zen.
Azkenik, azpimarratu behar da José Estornés joan zela 1977an, Iruñean, egin zen EAJren Batzar Nazionalera, eta azkenean bere alderdia ere sortu zuela: “Napartarrak”.