Efemeridea 2020ko ekainaren 22a

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: Julene Urzelai (Azkoitia, 1912-Caracas, 1983)

Emakume Abertzale Batzaren (EAB) ikurretako bat, eta 1931 eta 1932 urteen artean elkarteko burua

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: Julene Urzelai (Azkoitia, 1912-Caracas, 1983)

Julene Urzelai, Emakume Abertzale Batzaren (EAB) ikurretako bat, 1931 eta 1932 urteen artean elkarteko buru izan zena, 1983ko ekainaren 22an hil zen Caracasen (Venezuela). Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen, familia abertzale baten baitan, 1912ko ekainaren 16an. Lehen urratsak eman zituen, gogotik eman ere, hezkuntza-, kultura-, ongintza- eta propaganda-lanetan.

 

Bigarren Errepublikan, jaioterrian bertan, jaialdi-omenaldi handi batean parte hartu zuen, eta bere lehen mitina eskaini zuen Jose Antonio Agirre eta Lauaxetaren aurkezle gisa. Julene Urzelairen jarduera politiko publikoaren hasiera izan zen egun hura. Garai hartako beste emakume garrantzitsu batzuekin bat egin zuen, hala nola Polixene Trabudua, Mª Teresa Zabala, Haydee Agirre eta euskal abertzaletasunaren beste zabaltzaile gogotsu batzuekin.

 

Gerra zibila hasi zenean, Urzelaitarrek ihes egin behar izan zuten. Azkoititik Lekeitiora; handik Axpera; eta Axpetik Gernikara, non Francoren agindupeko Condor legioak egindako bonbardaketak ezustean harrapatu baitzituen.

 

Bonbardaketaren ondotik, Parisa erbesteratu zen, eta han ezagutu zuen senarra izango zuena, Frantzisko Zamakona. 1940ko maiatzean iritsi zenVenezuelara. Caracasen, bere militantziari eutsita, Euskal Etxean gogotik parte hartzen jarraitu zuen eta Radio Euzkadi irratiko esatari aritu zen erbestean, Venezuelako oihanetik, saioak euskara hutsean eginda, bere mitin guztietan egin bezala.

 

Ahal zuen guztietan, sorterrira itzultzen zen, baina senarra hil zenean, itsasoz bestaldean geratzea erabaki zuen. Julene Urzelai Caracasen hil zen, 1983ko ekainaren 22an.

 

Informazio gehiago hemen:

- Leyre Arrietaren artikulua, DEIAn 2010/05/15