Efemeridea 2020ko apirilaren 15a

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: Pedro Basaldua (Barakaldo, 1906-Buenos Aires, 1985)

Gaur, 114 urte bete dira Agirre lehendakariaren idazkari pertsonala izan zen eta euskal abertzaletasunari zeharo loturik egon zen gizon hau jaio zela.

Gure historiaren pertsona esanguratsuak: Pedro Basaldua (Barakaldo, 1906-Buenos Aires, 1985)

Gerra eta gerraostea pairatu zituen belaunaldiak egindako lanaren −hots, 40 urteko erresistentzia heroikoaren− inguruko jakingabetasun ia erabatekoa sekulako zorigaitza da. Izan ere, gu geu zerbait bagara, une honetan gauden tokiraino iritsi bagara, hein handi batean, askotan, aitortzen duguna baino neurri handiagoan, Pedro Basaldua lako gizon-emakumeei esker izan da. Gaur bete dira 114 urte Basaldua jaio zenetik.


Pedro Basaldua guztiz engaiatu zen euskal abertzaletasunarekin; hainbesteko engaiamendua izan zuen gizonak, ezen konpromiso horri heldurik aurre egin baitzion altxamendu militarrari, hasteko eta bat, euskal gobernuaren esparrutik. Lehenengoz, Jose Etxebarria Novoa Bizkaiko gobernadore zibilaren idazkaria izan zen (EAJk hala iradokita) eta, ondoren, orduko Eusko Jaurlaritza eratu ondoren, Agirre lehendakariaren laguntzaile pertsonala eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen Argentinan.


Zeregin ugariren artean, aipatzekoa da Pedro Basaldua Jagi-Jagi astekariaren erredaktorea izan zela eta, bertan argitaratutako artikulu batengatik, Larrinagako kartzelan sartu zuten egunkari horretako lehen erredaktorea izan zela; Euzkadi egunkariaren Kontseilu politikoko kidea ere izan zen; Gudari aldizkariaren zuzendaria, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” atxilotu ondoren; Eusko Langileen Alkartasuneko (ELA-STV) kide eta informazio-hedatzailea; AVASC (Agrupación Vasca de Acción Social Cristiana) elkarteko irakaslea, Euskal Gaien Institutuaren sortzaileetako bat eta Eusko Deya aldizkariaren zuzendaria, 1951. urtean, Argentinan. 1977ra arte egon zen erbesteratuta Hego Amerikako herrialde horretan. Diktadura osteko EAJren lehen batzarrean parte hartzera itzuli zen Euskadira, baina geroago Argentinara itzuli zen eta bertan hil zen, 1985eko otsailaren 1ean.


2017ko urtarrilaren 19an, Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, eta Iñaki Anasagastik Pedro Basalduak berak idatzitako “Euzkadi, la guerra antes del Estatuto” liburua aurkeztu zuten Sabino Arana Fundazioan.


Liburuan, Euskadiko historia garaikidearen aldi garrantzitsuenetako bat deskribatzen du Basalduak, gerra zibila, alegia, eta horren barruan, 1936ko uztailaren 18tik urriaren 7ra igaro ziren hamabi asteak. Hau da, militarren matxinadatik Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak Gernikan zin egin zuen arte.