Efemeridea • 2020ko abenduaren 10a
Guztion giza eskubideak
Gaurkoa lako egun batean, 1948ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen.
Aldarrikapen hori Parisen egin zen eta, ekitaldi historiko horren ostean, NBEko Batzarrak herrialde kide guztiei eskatu zien aldarrikapenaren testua argitara zezatela eta, bereziki, ikastetxeetan banatu, azaldu, irakurri eta iruzkindu zedila. Bere erredaktore nagusia René Cassin izan zen, Baionako legelari euskalduna, 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuena.
Aldarrikapen edo adierazpen hori Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartutako 217 a (III) Ebazpenean jasotako agiria izan zen. Dokumentu horrek hogeita hamar artikulu ditu, guztiak ere oinarrizko giza eskubidetzat aitortutakoak. Horietako lehenak eta bigarrenak giza eskubideen garrantziaz dihardute, honako hau azaldurik:
1. artikulua. "Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute."
2. artikulua. "Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik. Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako burujabetasun-mugak dituena."
Hasiera batean, garai hartan nazioarteko onespenik ez zegoenez gero giza eskubideak errespetatu eta babestu behar ote ziren, dokumentua ez zen nazioarteko itun gisa ofizialdu, gizateriarentzako aholku-izaerako adierazpena besterik ez zen izan. Sasoi hartan, Espainiako estatua ez zen Nazio Batuen Erakundeko kide, nazien Alemaniarekin kolaboratzeagatik ezarritako zigorren ondorioz. Hiru hamarkada igaro ondoren, nazioarteko adostasuna etorri zen, eta orduan bai, ondorio loteslea izan zuen estatuentzat. Onartu eta nazioartean erabateko balioa edukitzerakoan, hautazko protokolo eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin batera, “Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna” eratu zuten. Orain arte, bederatzi ditugu giza eskubideak osatzen dituzten itunak: eskubide zibil eta politikoak, ekonomikoak eta sozialak, arrazismoaren aurkakoak, emakumeen diskriminazioaren aurkakoak, torturaren aurkakoak, haurren eskubideak, langile migratzaileak, behartutako desagertzearen aurkakoak eta desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak.
Nahiz eta, oraindik ere, munduko bazter askotan giza eskubideak urratzen diren, oinarri juridiko horrek aukera ematen du gizakion izate hutsagatik ditugun eskubideen urraketen aurka egiteko.