Efemeridea 2020ko urriaren 15a

Hamalau gizon egunsentian

Duesoko espetxean, 1937ko urriaren 15ean egindako fusilamenduak euskal herritarren aurkako errepresio frankistaren ikur bihurtu ziren

Hamalau gizon egunsentian

Gaur, urriaren 15ean, 83 urte bete dira Duesoko espetxean preso zeuden milaka presoetako hamalau Santoñan hil zituztela.

 

14 gizon haiek euren filiazio politikoagatik aukeratu zituzten: sei euskal nazionalista (zuzendaritzako bi, Eusko Gudarostearekin lotutako bi eta ELAko bi), bi errepublikar, bi sozialista, bi komunista eta bi anarkista: Ramon Azkue Gorostiaga, Felipe Markaida Maurika, Florencio Markiegi Ibarzabal eta Felipe Tomas Lopez Otamendi, Euzko Alderdi Jeltzalekoak; Jose Ibarbia Unzeta eta Jesus Zabala Iriondo ELAkoak; Federico Sánchez Martín eta Ciriaco Sanz Casamayor, errepublikarrak; Manuel Natividad López eta Críspulo San Miguel Cubero, sozialistak; Francisco Rabaneda Postigo eta Martín Subtil Sanz, komunistak; Isidro Nieves Sagasti eta Martín Ramos de la Viuda, anarkistak.

 

Zorigaiztoko gertaera horiek jazo baino hilabete batzuk lehenago, gerra amaitu zen Euskadin. Euskal armadatik geratzen ziren apurrak atzeman eta matxinatuek antolatutako hainbat kartzela eta kontzentrazio-esparrutan banatu zituzten.

 

1937ko irailaren 4an, Santoñako Dueso espetxean hiru mila preso baino gehiago zaintzen zituzten Italiako soldaduek alde egin zuten eta frankisten esku utzi zituzten. Presoentzako baldintzak izugarri okertu ziren aldaketa horretatik aurrera, eta, gainera, gerra kontseilu izeneko epaiketen simulakroak eta fusilamenduak hasi ziren. Urriaren 14ko gaueko bederatzietan, kartzelariek hamalau gizon atera zituzten ziegetatik. Beheko solairuko bi gelaxkatara eraman zituzten.

 

Fededunek agnostikoak konbentzitu zituzten espetxeko kaperan egin zen mezan parte hartzeko, eta denek aitortza egin zuten. Geroago, goizeko zazpiak aldera, Berriako hondartzara eraman zituzten, eta exekuzio-tropel batek hainbat txandatan fusilatu zituen.

 

Igandean, urriaren 17an, meza egin zuten espetxeko patioan, Saturnino Gantxegi presoak otoitz egin zuen ozen eta bi egun lehenago fusilatutakoak arrosarioan gehitu zituen. Hilabeteko inkomunikazioa ezarri zioten “gorri-separatista ziztrin batzuei zeruko balioak aitortzeagatik”.

 

Urriaren 15eko fusilamenduen helburu nagusia matxinatuen aurkako jarrera ideologikoak zigortzea izan zen.

 

1965ean, lehen aldiz ospatu zen Gudari Eguna, Santoñan fusilatutako Eusko Gudarosteko kideak gogoratzeko asmoz.

 

Honekin batera, Luis de Guezalaren erreportaia doakizue. Deia, 2012-10-15.