Efemeridea • 2022ko ekainaren 1a
Orain dela 90 urte argitaratu zen ‘El Día’ egunkariaren (1930-1936) lehen alea
Bigarren Errepublikan, euskal egunkari abertzale hura izan zen hedapen handienetakoa Gipuzkoan.
Gaurko lako egun batean, 1930eko ekainaren 1ean, ‘El Día’ egunkaria argitaratzen hasi zen Donostian. Bi egun lehenago desagertu zen ‘El País Vasco’ (1923-1930) egunkariaren ondorengoa zela, Bigarren Errepublikan, zabalkunderik handienetako egunkaria izan zen Gipuzkoan. ‘Euzkadi’ egunkariarekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalearen agerkari nagusietako bat izan zen, eta hainbat irakurle eta ospe handia izan zituen.
José Ariztimuño “Aitzol” apaiz eta idazleak sortu zuen egunkaria eta argitalpen haren ideologorik behinena izan zen. Francisco Javier Landaburu (aldi labur batean) eta Jose Lekaroz zuzendari aritu ziren egunkarian. Azkenak ‘La Voz de Navarra’ egunkari abertzalea ere zuzendu zuen.
‘El Día’ ‘La Constancia’ egunkariarekin lehiatu zen, eta irakurle ugari kendu zizkion lehenak egunkari integristari. Garai hartan, honako hauek ziren kazeta nagusiak: ‘El Liberal’, ‘Euzkadi’, ‘El Noticiero’, ‘Diario de Navarra’, ‘La Gaceta del Norte’ eta ‘La Voz de Gipúzcoa’.
Beste hainbat berrikari abertzaleri gertatu bezala, jazarpena pairatu zuen eta, gobernuaren aginduz, 64 egunez eten zuten egunkariaren argitalpena, 1931ko abuztutik urrira eta 1932ko urriaren 9tik azaroaren 5era. Gerra Zibila piztu zenean, egunkaria desagertu zen, 1936ko uztailaren 19an. Matxinatuek okupatu zuten egunkariaren errotatiba eta, bertan, ‘Unidad’ egunkari falangista argitaratu zen.
Gerra garaian, Jose Lekaroz zuzendaria Bilbora joan zen ‘Euzkadi’ egunkariaren zuzendari tekniko eta kudeatzailearen kargua betetzera eta, geroago, Bartzelonan jarraitu zuen horretan.
Argazkia
Irudian, 1933ko apirilaren 18ko El Día egunkariaren azala ikus daiteke. Bertan, bigarren Aberri Egunaren ospakizuna dela eta, Atotxako zelaian egindako ekitaldien berri eman zen.