Efemeridea • 2021ko uztailaren 26a
Ignacio Zuloaga, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Eibarko margolari kostunbrista
Gaurkoa lako egun batean, 1870eko uztailaren 26an, Ignacio Zuloaga margolari eibartarra jaio zen.
Gaurkoa lako egun batean, 1870eko uztailaren 26an, Ignacio Zuloaga margolari eibartarra jaio zen. Artisten familia garrantzitsu bateko kidea zela, berehala utzi zituen ingeniari-ikasketa hasi berriak, eta pinturan murgildu zen buru-belarri. Artearen inguruko lehen heziketa Prado Museoan eskuratu zuen, Espainiako Urrezko Mendeko maisu handiei ikasiz.
1889an, Erroman egonaldi txikia eman ondoren –han, Via Margutta-ko tailer batean lan egin zuen beste artista batzuekin batera–, sasoi hartan abangoardia estetiko eta intelektualen arragoa zen Parisera joan zen eta liluratuta geratu zen. Frantziako hiriburuan, garaiko margolaririk iraultzaileenak ezagutu zituen, hala nola Gauguin, Toulouse-Lautrec, Van Gogh, Émile Bernard eta Maxime Dethomas. Azkenaren ahizparekin, Valentine-rekin, ezkondu zen 1899an. Geroago, Parisen bizi ziren Kataluniako artisten lagunartean hasi zen, besteak beste, Utrillo eta Rusiñolekin.
Parisen etorri zitzaion arrakasta. Hala ere, 98ko Belaunaldia deritzon idazle-taldearen ideologiak eraginda, Zuloagak Gaztelako zelai eta jendearen sustrai autoktonoen bila lerratu zuen margotzeko moldea, bertako paisaien soiltasuna eta biztanleen pobrezia duin, isil eta apala behin eta berriro azpimarratuta eta ordutik aurrera nabarmen ilundu zuen paleta, “Espainia beltza” deiturikoaren alderdi dramatikoenak nabarmentzeko, literatura-talde horrek gordinki islatutakoa.
Erretratugile gisako ospea azkar hazi zenez, Zuloagaren entzutea arin bai arin iritsi zen Paristik Estatu Batuetara, eta Ameriketan bezero ugari eta aberatsak izan zituen, eta mundutik barrena erakutsi zituen arrakasta handiz orduko margolanak.
Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Euskadira itzuli zen, eta XII. mendeko monasterio batera joan zen bizitzera, Zumaiara (gaur egun, museo bihurtuta dago). Bertan, bere artelanen bilduma handi eta esanguratsua ezarri zuen, besteak beste, El Greco eta Goyaren margolan batzuk. Artista horiek bereziki miretsi zituen Zuloagak. Nekazarien, toreatzaileen, prostituten eta bere garaiko goi mailako damen margolaria izan zen, eta maisutasun handiz irudikatu zituen Gaztelako zelai eta herrien soiltasuna; interes txikiko lorontzi eta bodegoi batzuk ere margotu zituen. Madrilen hil zen, 1945eko urriaren 31n.
Argazkia: “Kaudilloaren erretratua” Ignacio Zuloagak margotutakoa.