Efemeridea • 2021ko urtarrilaren 18a
Ikurrinaren jazarpenaren amaiera
Gaurkoa lako egun batean, 1977ko urtarrilaren 18an, hain zuzen, Martin Villa Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eskariz, Alkateen Taldeko bost kide Madrilen bildu ziren.
Gaurkoa lako egun batean, 1977ko urtarrilaren 18an, hain zuzen, Martin Villa Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eskariz, Alkateen Taldeko bost kide Madrilen bildu ziren. Gorabehera batzuen ostean, Espainiako ministroak zigorra kendu zion ikurrina erabiltzeari, nahiz eta Manuel Fraga Espainiako Gobernuko presidenteordeak hauxe aldarrikatu zuen: “ikurrina legeztatu nahi badute, nire gorpuaren gainetik igaro beharko dute”.
Hilaren 18ko bileran, Azkoitiko (Juan Inazio Uria), Arrasateko (Jose Antonio Altuna), Bergarako (Jose Luis Elkoro), Hernaniko (Inazio Iruin) eta Oiartzungo (Iñaki Aristizabal) alkateak izan ziren. Hasiera batean, Martin Villak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik onartu zuen euskal bandera legeztatzea, baina, azkenean, Nafarroan ere legezkoa izatea onartu zuen.
Frankismoari lotutako zenbait arduradun politikok ez zuten egoera berria gogo onez onartu. Augusto Unzeta Bizkaiko Diputazioko presidenteak dimisioa eman zuen, bai eta Jose Antonio Zarzalejos gobernadore zibilak ere. Ustez, erabaki hura ez zen Manuel Fragaren gustukoa izan.