Efemeridea • 2022ko martxoaren 23a
Imanol Ordorika Bengoetxea, Mexikora erbesteratutako euskal artista
Lekeition jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1931ko martxoaren 23an, eta margolari, eskultore, arkitekto eta hirigile gisa nabarmendu zen.
Imanol Ordorika Bengoetxea Lekeition jaio zen, 1931ko martxoaren 23an. Aitaren aldeko aitita bertako batzokiaren sortzaileetako bat izan zen; aita, berriz, Jose Ordorika Ruiz de Azua, Vita yateko kapitaina, hau da, Errepublikako ondasunak Mexikora eraman zituen ontziaren jabea eta, erbestealdian, euskal erbesteratuen erakundeetan hainbat kargu izan zituen abertzalea, bai eta euskal etxean eta EAJ-PNV alderdiaren lurraldez kanpoko batzarrean ere, azkenaren buru izan zela.
Imanol Ordorika sei urte bete berritan atera zen Lekeitiotik, matxinatuek Gernika eraso eta suntsitu ostean, eta Donibane Lohizunera iritsi zen. Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehentxeago, Mexikora joan zen iheslari. Han, Indalecio Prietok sortutako «Madril» ikastetxean ikasi zuen, aitak eramandako funtsak erabiliz. Batxilergoaren ondotik, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko Arkitektura Eskolan hasi zen, emaitza bikainak izan zituen eta bertako Arkitektura Konposizioko irakasle titularra izan zen, 1988. urtean hil zen arte.
Baina arkitekturaz gain, beste zaletasun nagusi bi izan zituen: eskultura eta pintura. Ordorikaren lan batzuk Estatu Batuetako eta Latinoamerikako museorik ospetsuenetan daude eskegita.
Aurreko mendearen 70eko hamarkadaren hasieran, Mexikon egindako erakusketa antologiko baten ondorioz izan zuen lehen harremana euskal artearekin. 1976an, Euskal Autonomia Erkidegoan egin zituen erakusketak, eta Bilboko eta Gasteizko museoek Ordorikaren lanak erosi zituzten bertan. Bizitza osoan, harreman onak izan zituen Nestor Basterretxea edo Jorge Oteiza euskal artistekin.
Ordorikaren moldeak kolore biziak erabiltzea bereizgarri ditu; metala, plastikoa eta ehuna nahasten ditu; era matematikoan lortutako eiteak eta baliabideen ekonomia.