Efemeridea • 2022ko azaroaren 14a
Iñaki Beobide, euskaldunen elizako abadea Argentinan
Buenos Airesen hil zen, gaurkoa lako egun batean, 1979ko azaroaren 14an.
Iñaki Beobide Azpeitian (Gipuzkoa) jaio zen, 1894ko abenduaren 9an. Oso gazterik sartu zen Letrango erlijio-kongregazioan (San Agustinen kalonjeak), eta 1918ko abenduaren 12an abade egin zuten. 1922ko azaroan, Argentinara iritsi zen, komunitateak Salta herrian, Argentinako ipar-mendebaldean, zeukan Belgrano ikastetxean marrazketa irakasle aritzeko.
1930ean, Buenos Airesera eraman zuten, Balleko Andre Mariaren kapera gobernatzeko. Bi urte geroago, egungo eliza eraiki zenean, parrokiako abade izendatu zuten. Bizitzako azken urteetan, Mariaren Legioaren artxidiozesiko zuzendaria eta katekesi-mintegiko irakaslea ere izan zen.
Balleko Andre Mariaren elizako abade nagusia zela, behin baino gehiagotan, abertzaletasunari loturiko jaiegun eta aldarrikapen-egunetan, aita Beobidek elizako ateak ireki ohi zizkien dantzariei eta EAJko nahiz EABko ordezkariei, ikurrina ere jasotzen zuela. Era berean, Letrango anaiak Buenos Airesera iritsi zireneko berrogeita hamargarren urteurrenean, galdatu zuen dantzariek eta iruleek, bandera guztiak aurrean paratuta, aldarean ohorezko guardia egin zezaten.
Buenos Aireseko kardinal primatu eta artzapezpikuak deitu zion batean, galdetu zion ea «zergatik uzten zien gorri eta separatista haiei bere parrokiara sartzen». Eta aita Beobidek honela erantzun zion: «Berorren gorentasuna, neu ere banaiz gorri-separatista horietako bat», eta argudioak ematen jarraitu zuen. Kardinalak hauxe besterik ez zion esan: «barka iezadazu. Ez dut jakin azaldu didazun guztiaz. Zaindu itzazu zeuretarrak».
Urte askotan, Balleko parrokia euskaldunen eliza izan zen.
Argazkia: Balleko Andre Mariaren parrokiaren barrualdea gaur egun.