Efemeridea • 2020ko urriaren 5a
Intxorta mendietako borrokaren 84. urteurrena
Frontea leku horretan egonkortzeari esker, Agirre lehendakari izendatu zuten.
Gaur egun, leku isil eta lasaia dena, ez zen batere baketsua orain dela 84 urte. Kanoien orroek eta balen txistuek urratu zuten Intxorta mendiko bakea eta lasaitasuna, euskal lurraldean barneratzen ari ziren matxinatuei aurre egiteko ahaleginetan.
Frontea egonkortzeko borrokarik bortitzenak eta erabakigarrienak 1936ko urriaren 4tik 5era izan ziren. Egonkortze horrek erraztu egin zuen Jose Antonio Agirreren zina, urriaren 7an, Gernikan, Euskadiko (Euzkadiko, orduko idazkeran) lehen lehendakaria izateko, lehen Eusko Jaurlaritza egoera lazgarri horretan eratu zela.
Euskaldunak hiru Intxorta mendietan zeuden: Intxorta Andi, Intxorta Txiki eta Gaztelumendin. Frontean, hainbat ideologiatako euskal batailoiak zebiltzan, besteak beste, Gazte Sozialisten UHP 5. batailoia (Anaia Proletarioen Batasuna); komunistek osatutako Larrañaga batailoia eta EAJ alderdiaren 55. batailoia, Kirikiño izenekoa.
Urte erdi geroago, Intxortetako erasoaldia 1937ko apirilaren 20an hasi zen. Hil horren 24an, lau egun geroago, matxinatuek Elgeta hartu zuten mendean, alemaniarren, italiarren eta Marokoko kolonietako mertzenarioen laguntzaz.