Efemeridea • 2022ko abenduaren 1a
Irrintzi, Ameriketako lehen euskal egunkari abertzalea
1903ko abenduaren 1ean, Sabino Arana Goiri hil zenetik sei egunera, Irrintzi egunkaria argitaratzen hasi zen Maipun, Buenos Airesko probintzian (Argentina). Nemesio Olariaga Etxaidek sortu zuen egunkaria
Egunkariaren goiburuaren azpian “Dana Euskalerriagatik eta Euskalerriarentzat” leloa irakur zitekeen. Urte batzuk geroago, “Jaun-Goikua eta Lege-Zarra” ¡Viva Euzkadi libre! leloak ordeztu zuen lehenengoa. Gainera, egunkariaren aleetan, ondoko egitaraua irakur zitekeen:
«−Gure lehengo Batzarrek inolako trabarik gabe jardun dezaten nahi dugu, gure herriaren zuzenbideari eta araubideari lotutako guztiari dagokionez. –Euskarak bizitzaren esparru guztietan ordezkaritza izan dezan nahi dugu, haren zabalkundea eta derrigorrezko irakaskuntza bultzatuta, harik eta Euskadiko hizkuntza ofizial bihurtu arte. –Egiazko euskal eskolak nahi ditugu, haietan gure aberria handitzeko prestaturiko espiritu aske eta aurrerakoiak hezteko. –Euskadin kargu publikoak betetzen dituzten guztiak euskaldunak izatea nahi dugu. –Hitz batean esanda, askatasun zabala nahi dugu gure herrian, bazter guztietako pertsonak bertora etor daitezen, aberriaren eskubideak eta barruko foruaren ideia guztiak uste osoz errespetatuko dituztenak. –Egitarau hau gauzatzeko, euzkotarren aldeko erakarpen-politika aldeztuko dugu. –Euzko alderdi bat eratzeko propaganda egingo dugu etenik gabe eta irmoki. –Euskal herritar guztien elkartasuna aldarrikatuko dugu, amets bakarrera batuz, hots, Euskadiren askatasunera».
Bi hamarkadatan argitaratu zen egunkaria, 1903 eta 1923 urteen artean.