Efemeridea • 2020ko uztailaren 13a
Irrintzi: euskal abertzaletasunaren abiaburuak 1906an; gaurkoak, atzoko berdinak
“Guztia Euskadigatik eta Euskadirentzat”… “Euskaldun guztien elkartasuna aldarrikatuko dugu, abiaburu bakarrera batuta, hau da, Euskadiren askatasunera”.
Nemesio de Olariagak Buenos Airesen argitaratu zuen hileroko Irrintzi argitalpenaren azala erakutsi nahi dugu gaur. Haren mantxetan, euskal abertzaletasunaren abiaburu biribila ageri da, “Gure programa” izenburuaren ildoan. 1906an argitaratu zen arren, gaur-gaurkotzat hartu behar dugu:
“–Gure Batzar Zaharren jardunbidea nahi dugu, inolako trabarik gabe, gure herriko eskubide eta araubideari lotutako guztiari dagokionez. –Euskal hizkuntzak bizitzaren arlo guztietan ordezkaritza izan dezan nahi dugu, euskara zabaltzeko eta irakasteko ahaleginak eta bi eginda Euskadiko hizkuntza ofizial bihurtu arte. –Eskolak, egiatan, euskal eskolak izan daitezen nahi dugu, gure aberria goretsiko duten arima aske eta aurrerakoiak haietan ikasteko –Euskadin kargu publikoak betetzen dituzten guztiak euskaldunak izan daitezela nahi dugu. –Hitz batean esanda, gure herrian askatasun zabala nahi dugu, alde guztietako gizakiak etor daitezela bertara, euren eskubideak eta barruko ideia guztiak errespetatuko dizkietela sinetsirik. –Programa hau gauzatzeko helburuz, euskal auzira gerturatzeko politika aldeztuko dugu. –Euskal abiaburuen berri emango dugu, irmotasunez eta adorez, euskal alderdi bat eratzeko. –Euskaldun guztien elkartasuna aldarrikatuko dugu, abiaburu bakarrera batuta, hau da, Euskadiren askatasunera”.