Efemeridea • 2020ko azaroaren 17a
Itsasoan, marrazoez besteko arriskurik ere bada
Gaurkoa lako egun batean, 2009ko azaroaren 17an, Bermeoko Alakrana atunontzia askatu zuten, Somaliako piratek Indiako ozeanoan 47 egunetan bahituta izan ostean.
2009ko urriaren 3an bahitu zuten atunontzia. Une hartan, ontzia Atalanta Operazioak babestutako eremutik kanpo ari zen arrantzan. Operazio militar hori itsas pirateriaren aurka borrokatzeko eratu zen, Afrikako adarraren eta mendebaldeko Indiako ozeanoaren aurrean.
Ontzia Bermeoko Echabaster Fleet enpresaren atunontzi izoztailea da.
Bahiketa gertatu zen unean, 36 marinelek osatzen zuten tripulazioa: 7 euskaldun, 1 andaluziar eta 8 galiziar; gainerako tripulazioa Indonesia, Ghana, Senegal, Boli Kosta, Madagaskar eta Seychelle uharteetakoa zen.
Bahiketak iraun zuen bitartean, piratek arrantza-ontzi horretako erregaia eraman zuten Ariana MV ontzira, azkena ere bahituta zutela. Une hartan, Alakrana ontziko marinelek une latzak bizi behar izan zituzten, Ariana MV ontziko tripulazioaren egoera ikusita.
2009ko azaroaren 17an, 4 milioi dolar ordainduta, Bermeoko atunontzia askatu zuten.
Ordainketa egin zen unean, 63 pirata zeuden ontzian. Estatuko Itsas armadak antolatutako erreskatean, pirata somaliar batzuk atxilotu eta Espainiako lurraldean epaitu zituzten.
Beti gogoratuko dugu egoera lazgarri hartan itsasoko langile horien familiek eta Bermeoko herri osoak erakutsitako kemena eta ausardia.
Urte horretan, Sabino Arana Fundazioak Gure arrantzaleak taldea saritu zuen, egindako lana eta sufrimendua aitortzeko, bai eta itsasoari bizitza eskaini dioten eta egun ere eskaintzen dioten pertsona guztiena ere. Txetxu Berruezoren argazkian, arrantzaleen ordezkariak, neskatilak eta saregileak saria jasotzen.