Efemeridea • 2020ko irailaren 17a
Jagi-Jagi, Euskal Aberriarekiko konpromisoa
Jagi-Jagi astekaria 1932ko irailaren 17an sortu zen, Mendigoizaleen Federazioaren agerkari legez
Gaurkoa lako egun batean, 1932ko irailaren 17an, hain zuzen, beste egunkari abertzale berri bat atera zen kalera, “Jagi-Jagi” astekaria, hain zuzen, Mendigoxale Batzaren agerkari ofizial gisa. Lehenengoz eta bat, Angel Agirretxek zuzendu zuen, eta, geroago, Kandido Arregik. Astekariak bizitza laburra izan zuen, Gerra Zibila hasi zen arte, baita gorabeheratsua ere, gobernuaren salaketak eta bahiketak tarteko.
Bilboko Kale Nagusian zuen egoitza, eta 23.000 ale ere argitaratu zituen astero, hamasei orrialdekoak unerik gozoenean eta sei edo lau orrialdekoak zailtasunik handieneko aldietan.
Argitalpen horren ekintza politikoa funtsezkoa izan zen euskal abertzaletasunaren abiaburuak zabaltzeko orduan, eta, zehatzago esanda, euskal mendizale gazteenak, hots, mugimendu jagizalearen inguruan bildutako oinarrizko militante abertzaleenak. Horretarako, besteak beste, Elias Gallastegi kolaboratzaile izan zuen argitalpenak (Luis de Gezalak DEIAn 2014-01-25ean egindako erreportajerako esteka).
Gerra Zibilean, aldizkaria itxita zegoela, ‘Euzkadiren independentziaren alde’ borrokatzeko bi batailoi sortzea erabaki zuten mendigoizaleek: lehenengoak “Lenago il” izena izan zuen eta bigarrenak “Zergaitik ez” eta, batez ere, bizkaitarrez eta gipuzkoarrez osatu ziren. Angel Agirretxeren agindupean egon ziren. Bi batailoiek Gorbeiaren magalean izan zuten euren kuartela, Artea-Arratian, hain zuzen ere.
Angel Agirretxe Goikoetxea, lehen zuzendaria
Atxurin (Bilbo) jaio zen, 1905eko irailaren 20an. Txikitatik, Plaza Barriko Euskal Eskoletara joan zen eta, besteak beste, Elias Gallastegi, Manu Egileor, Manu de la Sota edo Zeferino Xemein buru ziren “Aberria” sektorean lerrokatu zen. Agirretxe “Bilboko Euzko Gaztedija” taldeko idazkari izan zen. Politikan eta kazetaritzan ez ezik, medikuntzan aritu zen eta ginekologia eta obstetriziako mediku espezialista izan zen.
Gerra Euskadin amaitu zela, Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen eta, Bigarren Mundu Gerran, alemaniarrak iritsi zirenean, Irlandara ihes egin zuen. 1958ko azaroaren 11n hil zen, Donibane Lohizunen.