Efemeridea • 2020ko azaroaren 13a
Jakintzaren bizilekuetako bat dugu Deustu
Gaurkoa lako egun batean, 1886ko azaroaren 13an, Bilbon ospe handia daukan “Deustuko Unibertsitatea” zabaldu zen.
Deustuko Unibertsitateak 1886an hasi zuen ibilbidea, Jesusen Lagundiaren eskutik, Euskal Herrian ateak ireki zituen lehen goi-mailako ikasgune edo ikastetxe modernoa izan zela. Bilboko gizarteak Bizkaiko hiriburuan unibertsitate propioa nahi zuelako sortu zen ikasgunea, goi-mailako hezkuntzan aditua den Jesusen Lagundiaren laguntzaz.
Jesusen Lagundiak Bilbo aukeratu zuen, portua zeukan merkataritza-hiria izateaz gain, garai hartan, industria-hazkunde handia zuelako.
1916an, Espainiako Ekonomia Zientzietako graduatuen lehen taldea osatu zutenak iritsi ziren ‘Deustuko Unibertsitate Komertzialera’, titulu hori era ofizialean onartu baino 25 urte lehenago.
1963an, Gipuzkoako Unibertsitate eta Teknika Ikasketen Institutua sortu zen Donostian, lehendik zeuden hiru erakunderen bategitearen ondorioz. Geroago, institutu hori Deustuko Unibertsitatearen atal izan zen. Egun, unibertsitatea bi campusetan dago, bata Bilbon eta bestea Donostian.
Deustuko Unibertsitateak, gaur egun, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitzeko eraldaketa sakona egin ostean, sei jakintza-arlo nagusi biltzen ditu, tradizioz Deustun landu direnak: Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa Zientziak, Psikologia eta Hezkuntza, Ingeniaritza, Gizarte eta Giza Zientziak eta Teologia. Horrez gain, DUk hainbat institutu eta katedra garatu ditu graduondoetan eta hainbat gairen inguruko ikerketan espezializatu da: euskal ikasketak, Europako ikasketak, giza eskubideak, droga-mendekotasunak, ikasketa kooperatiboak, aisialdia, erlijio-zientziak, zuzenbidea eta giza genoma, lehiakortasuna eta estrategia, berrikuntza pedagogikoa, enpresa zuzenbidea eta abar.
Nabarmentzeko beste alderdi bat nazioartekotzea dugu. Mundu globalizatu eta kulturarteko honetan, non ezagutzak mugarik ezagutzen ez duen, ikasleen eta irakasleen mugikortasuna errazten da eta sarean lan egiten da beste unibertsitate batzuekin. Gaur egun, atzerriko ikasle asko joaten dira DUra. Gainera, ikasle asko seihileko batean edo ikasturte osoan ikastera ateratzen dira kanpora, aintzatespen akademiko osoa duen atzerriko unibertsitate batean. DUk Sabino Arana sarietako bat jaso zuen 2011n.