Efemeridea • 2024ko urriaren 30a
Jean Etxepare, prosalari bikain eta berritzailea
Gaurkoa lako egun batean, 1877ko urriaren 30ean, jaio zen diasporan, hain zuzen ere, Argentinako Mar Chiquita herrian
Jean Etxepare guraso eta anai-arrebekin batera itzuli zen Euskal Herrira 1883an, 6 urte zituela. Lekornera (Lapurdi) joan ziren bizitzera. Handik gutxira, Lapurdiko Larresoro herriko apaizgaitegian hasi zen ikasten. Garai hartako idazle agnostiko bakarrenetakoa izan zen.
Geroago, medikuntza ikasi zuen Bordelen eta 1901ean doktoratu zen. Mediku lanetan aritu zen Lekornen, Alduden eta Kanbon.
1902an, Jean Hiriart-Urruti buru zuen “Euskalduna” astekarian hasi zen zutabegile. Zutabegile handi bihurtu zen, medikuntza eta hizkuntzaren ekonomiari lotutako gaiak, besteak beste, jorratu zituela. 1919an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.
1910ean, “Buruxkak” izeneko liburua argitaratu zuen, urte batzuk lehenago argitaratutako artikulu-sorta horra bildurik.
1931n, “Beribilez” lana argitaratu zuen. Bertan, Euskal Herritik barrena autoz egindako bidaia bat deskribatu zuen, Kanbon (Lapurdi) hasi eta besteak beste, Donibane Lohizune, Iruñea, Loiola, Donostia, eta Hendaiatik igarota. Proiektu berritzailea izan zen hura. Sasoi hartan, gizarte-mailako handiko pertsonek bakarrik zeukaten automobila.
Etxeparek beste lan batzuk eta artikuluen hautapenak argitaratu zituen eta, batik bat, “Euskalduna” eta “Gure Herria” astekarietan plazaratu zirenak.
Prosalari bikain horrek berezko lekua eskuratu zuen euskal literaturaren historian. Piarres Xarriton euskaltzainak bildu zituen Etxepareren lanak.