Efemeridea • 2024ko uztailaren 12a
Jesús Insausti «Uzturre», euskal abertzaleasunaren gorena
31 urte bete dira gaur EAJ-PNV alderdiaren eta Sabino Arana Fundazioaren presidente izan zena zendu zenetik.
Idazle emankorra izan zen erbesteko euskal prentsan, nazioarteko sindikalista, euskararen defendatzaile sutsua eta jaioterriari, Euskadiri, eta bertoko kulturari atxikimendu handia izan zien. Egundoko abertzalea izan zen Uzturre, kazetaritza-lan eskerga egindakoa, non beraren militantzia politiko eta sindikalak eragin handia izan zuen.
Politikariaren ibilbide luzean barrena, Jesus Insausti «Uzturre» (1912-1993) trebea baino trebeagoa izan zen bidean aurkitutako oztopo guztiak gainditzen. Tolosako karlisten jipoiek ez zuten Uzturre-ren luma garratza isilarazi, ez gerrak, ezta franksisten kartzelek ere, ez zuten herrialde honekiko konpromisoa itzalarazi.
Gero erresistentzia etorri zen, eta Uzturrek behin eta berrirro izkina egin zien erregimenaren poliziari eta haren informazio zerbitzuei. Buitrago de la Sierra herriko espetxeko barroteek ere –handik ihes egin zuen Pruden bere lagun banaezinaren laguntzaz– ez zuten lortu Jesusen nortasun menderaezina apalaraztea.
Muga zeharkatu behar izan zuen, frantsesa ikasi eta, geroago, euskal iheslarien gune nagusia utzi behar izan zuen, Bruselara joanda, eta han, sindikatuen munduan hasi zen, zehazki Lanaren Munduko Konfederazioan.
Demokrazia etorri zenean, Euskadira itzuli zen, eta Bizkaiko EAJren eskualdeko zuzendaritzan (BBB) jardun zuen hasieran, eta EBBn geroago. 1989tik hil zen arte, 1993ko uztailaren 12an, Sabino Arana Fundazioaren presidentea izan zen.