Efemeridea 2021ko uztailaren 1a

Jesus Mª Alkain Martikorena, Donostiako lehen alkate jeltzalea

Gaurko lako egun batean, 2001eko uztailaren 1ean, Jesus Maria Alkain Martikorena hil zen Donostian. Alkain frankismoaren ostean era demokratikoan aukeratu zuten hiriko lehen alkatea izan zen.

Jesus Mª Alkain Martikorena, Donostiako lehen alkate jeltzalea

1922ko urtarrilaren 27an jasio zen, Donostiako Antigua auzoan , eta, gerra amaitu eta gero, garai hartako Goi Mailako Merkataritza Ikasketak egin zituen Bilbon (geroko Sarrikoko Ekonomia Zientziak), eta Merkataritzako ekonomialari intendentearen titulua eskuratu zuen. 


1944an, “Pakea” zeritzon laneko Istripuen mutualitatean sartu zen; 1966an, zuzendari laguntzaile eta, 1970ean, zuzendari kudeatzaile izendatu zuten.


Eusko Alderdi Jeltzaleko militantea zela, 1979an, Donostiako alkatetzarako zerrendaburua izan zen. Garai hartan, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea ere bazen, hau da, EAJren Gipuzkoako lurralde-organo goreneko burua. Alkainen hautagaitza izan zen bozkatuena, eta bederatzi zinegotzi atera zituen. Hala ere, alkatea aukeratzeko bozketan, bederatzina botoko berdinketa izan zen Herri Batasuna alderdiko hautagaiarekin, hark ere bederatzi boto lortu baitzituen (HBko sei zinegotziak eta Euskadiko Ezkerra alderdiko hirurenak); hala ere, Alkainek eskuratu zuen alkatetza, EAJk lortu baitzuen boto gehien hauteskundeetan. Donostiako alkate izan zen 1983ra arte.


1986an, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion alkate gisa egindako lanagatik. Laneko Merezimenduaren Urrezko Domina ere eman zioten “Pakea” mutualitatean egindako lanagatik, eta 2001eko maiatzean, Eusko Ikaskuntzaren Urrezko Domina eman zioten, bertako diruzaina izan zela.


1996an erretiratu zen eta gaurkoa lako egun batean hil zen, 79 urte zituela, bihotzeko gaitz baten ondorioz.