Efemeridea • 2021ko irailaren 7a
Jesus Maria Leizaola, bizitza osoa euskal aberrigintzari eskainita
Lehendakari Zaharraren balioak eta espiritua eredu dira egun euskal abertzaletasunera engaiatu diren belaunaldi berrientzat.
Gaurkoa lako egun batean, 1896ko irailaren 7an, hain zuzen, Lehendakari Zaharra, Jesus Maria Leizaola, jaio zen Donostian. Zuzenbidean lizentziatu zen eta bikaineko emaitza atera zuen azken multzoaren proban; Bilboko Udaleko funtzionarioa izan zen, lanpostua oposizio bidez eskuratuta; Gipuzkoako Diputazioko idazkaria; Errepublikako Gorteetako diputatua; lehen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura sailburua; eta Euskal Unibertsitate Publikoaren sortzailea.
1936ko Gerran, Bilbo galdu ondotik –euskal gobernuaren azken kidea izan zen Bilbotik irteten, hiria suntsitu ez zezaten− Eusko Jaurlaritzak Parisen izan zuen ordezkaritzaren eta gobernuaren “Euzko Deya” agerkari ofizialaren arduraduna izan zen.
Bigarren Mundu Gerran, alemanek okupatutako eremuan geratu behar izan zuen, eta gerra amaitutakoan, erbestean zegoen Euzkadiko Gobernua berriz eratu zenean, Leizaolak buru jardun zuen euskal gobernuak Baionan zuen ordezkaritza. Iparraldean, besteak beste, informazio-zerbitzuekiko eta aberriaren barruko erresistentziarekiko harremanen ardura hartu zuen.
1948an, Euzkadiko Gobernuaren lehendakariorde izendatu zuten, eta EPE (Euzkadiko Prentsa Bulegoa) zeritzon prentsa-organoaren arduraduna izan zen; 1960ko martxoaren 28an, berriz, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren karguaren zina egin zuen Donibane Lohizuneko hilerrian, Jose Antonio Agirreren hilkutxaren aurrean.
Gernikako Autonomia Estatutua onartu ostean, 1979ko abenduaren 15ean, behin betiko itzuli zen 40 urtetik gorako erbestealditik eta orduraino zeuzkan eskumenak utzi zituen Eusko Kontseilu Nagusiaren esku.
Donostian hil zen, 1989ko martxoaren 16an, 92 urte zituela.
Luis de Gezalak, DEIA egunkariaren Historias Vascas sailean, 2019ko abenduaren 14an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.