Efemeridea 2021ko martxoaren 16a

Jesus Maria Leizaola: “Lehendakari Zarra”

Gaurkoa lako egun batean, 1989ko martxoaren 16an, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakari (1960-1979) Jesus Mª Leizaola Sanchez hil zen.

Jesus Maria Leizaola: “Lehendakari Zarra”

Gaurkoa lako egun batean, 1989ko martxoaren 16an, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakari (1960-1979) Jesus Mª Leizaola Sanchez hil zen.

 

Donostian jaio zen, 1896ko irailaren 7an eta Lekarozko (Nafarroa) aita kaputxinoen ikastetxean ikasi zuen. 1915ean, Zuzenbideko lizentzia atera zuen Valladolideko Unibertsitatean eta Gipuzkoako Foru Aldundian hasi zen lanean legelari nagusi gisa. Han zegoela, 1917an, euskal aldundiek autonomia eske idatzitako oharra prestatzen parte hartu zuen. 1919an, oposizio bidez, lanpostua lortu zuen Bilboko Udaleko Ogasun Sailean.

 

1922an, Gernikan, Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrean, Alfonso XIII.a erregearen bisita zela eta, euskal unibertsitatea aldarrikatzen zuen kartela zeramala agertu zen Leizaola. Aldarrikapen hori egiteagatik, Guardia Zibilak atxilotu eta Gernikatik Zornotzara oinez joatera behartu zuen.

 

1925ean, Ekonomia Ituna berritzen parte hartu zuen, eta 1929an, Eibarren, Eusko Langileen Alkartasunaren lehen Biltzarrean parte hartu zuen, Gipuzkoako ordezkari gisa.

 

1931n hasi zen politikagintzan, Espainiako Estatuko Gorteetarako diputatu gisa, EAJren ordezkaritzan. 1936an, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako buru zela, Leizaola Justizia eta Kultura sailburu izendatu zuten. Kargu horretan ziharduela, Basurtuko (Bilbo) Medikuntza Fakultate moduan hasi zen Euskal Unibertsitatea jarri zuen martxan.

 

Agirre lehendakaria hil ostean, 1960an, Jose Maria Leizaola hautatu zuten erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakari.

 

1974an, erbestean zegoela, Francoren diktadurari aurre egiteko ekintza arriskutsu bat egin zuen: Euskadira itzuli zen egun batez, urte hartako Aberri egunean, Gernikako arbolari omenaldia egiteko.

 

1979ko abenduaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako buru Frantzian erbestealdi luzea eman ondotik, Leizaola Euskadira itzuli zen. Hurrengo egunean, era sinbolikoan, ordezkaritzako giltzak eman zizkion Carlos Garaikoetxea Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakariari eta, horrela, desegintzat jo zen erbesteko gobernua.

 

Bizitzaren azken urteetan, politikari lotuta jarraitu zuen Leizaolak, eta Eusko Legebiltzarrerako 1980ko hauteskundeetan EAJren Bizkaiko hautagaitzako buru izan zen. 1989ko martxoaren 16an hil zen, Donostian, 92 urte zituela.

 

Lehendakari Zaharrak 1974ko Aberri egunean Gernikara egin zuen ezkutuko bisitaren 40. urteurrena dela eta, Luis de Gezalak DEIA egunkarian argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.