Efemeridea • 2023ko otsailaren 23a
Joaquin Egia Untzueta, bi gerratan borrokatu eta hiru armadatan aritu zen euskal marinel eta pilotua
Euzkadiko Gudontzidiko buruzagia izan dela, askatasuna Euskadin eta Europan defendatu zuen belaunaldi bateko kidea izan zen. Gaurkoa lako egun batean hil zen, 1956ko otsailaren 23an, Liverpoolen (Erresuma Batua).
Egia kapitainaren bizitza erabat aldatu zen 1936ko gerra piztu eta Euzkadiko Gudontzidiko buru izendatu zutenean. Lehenago, 1933. urtetik, Itsas Zerbitzuen Kidegoko 2. mailako ikuskatzaileordea izan zen eta Bilboko itsas ordezkariordea izan zen. 1936an, Bizkaiko Defentsa Batzordeko itsas zerbitzuak antolatu zituen, eta, Euzkadiko Gobernua eratu ostean, 1936ko urriaren 15ean, Defentsa Saileko Itsas Ataleko buru izendatu zuten. Ataleko burua zela, Euzkadiko Gudontzidia sortu zuen Euskadira iristen ziren merkataritza-ontziei babesa emateko, matxinatutako armadaren aurrean. Bilbo galdu zenean, Santanderrera joan zen. Handik Frantziara. Bertan, Frantzia Libreko Itsas Indarretan sartu zen. Alemaniak Frantziako herrialdea okupatu ondoren, Irlandara joan zen eta, geroago, Ingalaterrara. Azken herrialde horretan, Bigarren Mundu Gerran aritu zen borrokan Royal Air Forceko pilotu gisa. Liverpoolen hil zen, gaurkoa lako egun batean, 1956an, bihotzekoak jota.
Joaquin Egia Unzueta Gerra Zibilean Euzkadiren askatasunaren alde borrokan egin zuten gizon eta emakumeen belaunaldi haren adibide bikaina da. Bertatik bertara bizi izan zuten lehen euskal gobernuaren eta armadaren eraketa, erbestea, euskal diaspora...
Miren Egia Orrantia eta Jesus Etxezarraga Zuluagarenaren “Joaquín Egia: El singular jefe de la Marina de Guerra Auxiliar de Euskadi” DEIA egunkariaren Historias vascas sailean argitaratutakoa (2021-12-31) erreportaje erantsi dugu.