Efemeridea • 2022ko martxoaren 22a
Jose Antonio Agirre izeneko mitoa
Gaur, martxoaren 22an, 62 urte bete dira Euskadiko lehen lehendakaria hil zenetik. Altxamendu frankistaren aurrean, euskal indar demokratiko guztiak biltzen jakin izan zuen Agirrek.
Arratsaldeko seiak aldean gertatu zen, 1960ko martxoaren 22an, astearte batez. Parisko etxean, Jose Antonio Agirre Lekube, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria, bularreko angina baten eraginez zendu zen.
Agirre Bilbon jaio zen, 1904ko martxoaren 1ean. Urduñako josulagunen ikastetxean ikasi zuen Batxilergoa –Sabino Aranak legez–, eta Zuzenbideko lizentzia atera zuen Deustuko Unibertsitatean, 1926an. 24 urte zituela, abokatuen bulego bat zabaldu zuen Antonio Berreteaga fakultateko ikaskidearekin batera, Bilboko Iturribide kaleko 2. zenbakian.
Getxoko alkate gisa hasi zen bizitza publikoan eta, geroago, Gorteetarako diputatu izendatu zuten, Bizkai eta Nafarroako ordezkari. 1931n, Euskadiko Autonomia Estatutuaren aldeko euskal alkateen mugimenduaren buru izan zen.
1936ko urriaren 7an, Gerra Zibila bete-betean ari zela, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari izendatu zuten, gehiengo handiz izendatu ere. Euskal abertzaleek, sozialistek, errepublikazaleek eta komunistek osaturiko gobernua eratu zuen. Gobernuko kideen ideologia-aniztasuna gorabehera, Agirrek indar politiko antifaxistak bildu zituen bere inguruan.
Orduko Euzkadiren mezua mundura hedatzen jakin izan zuen euskalduna dugu Agirre. Pertsona guztiz gogoangarria, Euskal herritarren askatasunaren aldeko borrokan erakutsitako leialtasun eta kemenagatik. Eta arrazoi horien zioz, egiazko mito bihurtu zaigu lehen Lehendakaria.
Jose Antonio Rodriguez Ranzek, 2010eko martxoaren 27an, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, Agirre Lehendakariaren heriotzaren 50. Urteurrenaren kariaz argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.